Gizonduz

Logotipo institucional euskadi.net
Navigation Menu

Bienvenido bienvenida al Blog de la Iniciativa Gizonduz
Ongi etorri Gizonduz Ekimenaren blogera

Concienciación, participación e implicación de los hombres en pro de la igualdad de mujeres y hombres

Gizonen Kontzientziazioa, partehartzea eta implikazioa emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde

Elkarrizketa: Malentxo Arruabarrena Julián, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi

Argitaratuta 21 otsaila 2017 Sailkatu gabea |

Azkeneko Promozioan emakumeak %23a baino gehiago izatea lortu dugu“.

Hori da gure helburua, emakumeen presentzia Ertzaintzan handiagoa izatea, baita ardurako eskaletan ere“.

Ertzaintza polizia kidego bat da zeinetan emakumeen ordezkaritza kopurua % 10,9an kokatzen den, historikoki gizonezkoentzako egindako eta pentsatutako lanbidea denaren sintoma nabarmena duena eta apurka-apurka emakumeak sartzen joan direna.

1. Egin ahal diguzu argazki bat emakumeek eta gizonek Ertzaintzan sartzeko duten egoerari buruz? Badago aldaketa esanguratsurik Akademiara joaten direnen artean?

Egun, Ertzaintzan guztira 7.748 ertzain daude, horietatik 7.000 gizonezkoak dira eta 900 emakumezkoak. Hau da, emakumeen portzentajea Ertzaintzan % 11,61ekoa da, gizonezkoen portzentajea baino askoz baxuagoa. Sexuen desberdintasuna aztertzerakoan, gogoratu behar dugu Ertzaintzaren lehen promozioa orain dela 35 urte izan zela eta lehen promozio horretan sartzeko betekizuna soldaduzka eginda izatea izan zela, beraz emakumezkorik ezin zen sartu. 1983tik aurrera, emakumeak era aurkeztu ahal izan ziren. Horrek baldintzatu egin zuen emakumearen sarrera Ertzaintzan, ez bakarrik kopuru aldetik, baita ere arduradunen eskala aldetik.

 

2. Zein neurri jarri beharko litzateke Ertzaintzaren barruan berdintasuna bultzatzeko? Zein da Ertzaintzan emakumeak parte hartzeko nahi den helburua eta zein lanpostu motatan?

Ertzaintzaren historian zehar, Ertzaintzan emakume gehiago izateko hainbat saiakera izan dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian sartzeko eta hemengo hautaketa deialdietan edo espezializazio ikastaroetan emakumeentzako kuota edo kupoak erabiliz, diskriminazio-positibo neurriak txertatuz. Hala ere, neurri horren aurka errekurtsoa jarri zuten; eta kidegokoek beraiek ere, halaxe egin zuten mailaz igotzeko eta espezializatzeko deialdietan. Errekurtsoa onetsi egin zuten epaimahaiek segurtasun juridikorik ez izateagatik, ez baitzen lege-mailako araua.

Izan ere, Ertzaintzan emakumeen kopurua igotzea ziurtatzen duen Euskal Poliziaren Lege berri baten onespena da helburuetako bat. Hain zuzen ere, onetsitako azkeneko legearen aurreproiektuak eta Legebiltzarrera heldutakoak, bere 47bis artikuluan emakumeen aldeko neurri espezifikoak ezartzen zituen emakume funtzionarioen %33ko presentzia edo handiagoa lortzeko  dauden desberdintasun egoerak zuzentzeko.

Gainera, Ertzaintzaren hautaketa eta sartzeko azken bi prozesuetan ere emakumeen sarrera bultzatu eta sustatu da. Horretara, 24. Promozioan emakumeen portzentajea %15 era iritsi zen eta 25. Promozioan izangaien kopurua %23,20ra iritsi zen.

Emakumeen kopuru handiago bat sartzen joateko emakume-ertzainen lana zabaltzen eta indartzen ari gara, garrantzitsua baita gizarteak Ertzaintzan egiten den lana ezagutzeko Ertzaintzan emakumeek betetzen duten rola ikustea.

Taldeko lana, arazoak ebazteko orientazioa, eragiten den inguruari ematen zaion erantzuna…baina, batez ere, polizia modernoa gizartean egun ezagutzera ematen duen inplikazio maila.

Ertzaintza moderno hori ezin da egin antolaketan emakumearen parte hartzea izan gabe. Ertzain eginkizunak garatzeko prestakuntza ezinbestekoa da eta prestakuntza hori  ezinbesteko da gizon zein emakumeengan.

Beraz, argi dago desiragarria dela emakumeen presentzia izatea unitate eta espezialitate bakoitzean eta, jakina, arduradun eskalan ere presentzia handiagoa izatea.

 

3. Nola baloratzen duzu bi goi-kargudun emakume izatearen egoera hau, nagusia, Estefanía Beltrán de Heredia sailburua eta zu zeu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi izatearen egoera? Izan du eragin praktikoren bat berdintasun handiago bat lortzean? Balio du estereotipoak apurtzeko?

Inolako zalantzarik gabe, nire iritziz kontuan hartzekoa da erantzukizun lanpostuetan emakumeen presentzia egotea, berdintasun-, adiskidetze- eta halako gaietan sentsibilizazio eta aldez aurretiko jarrera izatea. Zalantza barik, estereotipoak apurtzen laguntzen du, esaterako, gaur arte Segurtasuneko gaian karguak gizonezkoek betetzea. Baina, gainera moldeak apurtzeaz gain, beharrezkoa da berdintasuna errealitate bat izateko ahalbidetzen duten legeak onestea, aldatzea eta aurrera egitea.

 

4. Gizonezkoekin lan egiteari begira, 2016an, Ertzaintzan prestakuntza-lan bati eman zitzaion hasiera Gizonduz deituriko ekimenaren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aldeko sineskeriak, mitoak eta zurrumurruak lantzean zentratzen dena. Aurton ia 300 pertsonek hartu dute parte prestakuntza horretan (%85a baino gehiago gizonezkoak). Zergatik egiten da prestakuntza hori eta zein da bere balorazioa?

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ertzainek, udaltzainek, suhiltzaileek, larrialdietako boluntarioek,… eta abarrek jasotzen duten prestakuntzaz arduratzen gara, ez dadin izan bakarrik ezagutza tekniko batzuk jasotzeko prestakuntza eta nork bere burua ezagutzeko prestakuntza jasotzeko trebakuntza izan dadin; baita ere, baloreak identifikatzekoa eta, lidergoaren eta taldeen garapenerako izatekoa.

Gauza jakintzat jo genuen emakumeoi eta gizonezkoei geure buruen hausnarketa bat egiteko garaia iritsi zitzaigula eta desberdintasunaren alde egiten duten hastapenak eta kausak aztertu behar genituela.

Nire ustetan, oraindik badugu nondik ibili; izan ere, emakumezkoek zein gizonezkoek, momenturen batean, roletan erratzen baikara, hain zuzen ere ikasitako iritzi multzoagatik.

 

5. Esperientzia honek balio izan dizu lanean gizonezkoekin non eragin behar den  eta berdintasunaren aldeko erresistentzia handienak zeintzuk diren jakiteko? Adierazi ahal dituzu?

Garrantzitsua da Akademiak, erakunde gisa, zuzentasun kulturaren alde apustu egitea.

Argi dago estereotipoak gainditu behar direla. Rolen desberdintasunak oraindik ere inplikatzen dute, esaterako, gizonezkoek edozein polizia eginkizun motarako ez dutela erakustera eman behar bere indar fisikoa, eta emakumeek ostera, beti eman behar du hori erakustera.

Estereotipo horiek gainditu egin behar dira. Baina, oso garrantzitsua da gainditzea bi aldeetatik, gizonezko zein emakumezkoen aldetik.

Lan egiten jarraitu behar dugu genero-barrerak suntsitu ezinezko etsai gisa ez ikusteko. Justu alderantziz egin behar dugu, desberdintasunek gehitu ahal dute eta ez kendu. Pertsona bakoitzak balore propiorako eta berezirako ekarpena egin dezake, Ertzaintzarako eta Segurtasun Publikoaren esparruko profesional guztientzat oso baliotsua izan daitekeena. Biek, gizonezkoek zein emakumezkoek elkarrengandik ikasi behar dituzte beren indarguneak, lanbidea horiexek aberasten baitute.

Ahaleginak bakoitzaren, emakume bakoitzaren, kontzientzia eta hausnarketatik hasi behar du aldaketa lortzeko. Aldaketak ere norberarengandik hasi behar du, ahal dela sinestuz eta elkarrekin lortu ahal dugula pentsatuz.

Nire aburuz, oraindik bidea dugu aurretik, baina horrexetan gaude pausuz-pausu.

Gehiago irakurtzea

Martxoaren 19ko kanpaina #Aitak+

Argitaratuta 19 martxoa 2015 Aitak berdintasunean |

aitak_500

#Aitak+ kanpaina Emakundek bultzatu du, Gizonduz ekimenaren barruan, ardurak erdibanatzen dituen gurasotza paretsua bultzatzen lagundu nahian; sinetsita gaudelako gizarte hobea lortuko dugula gurasoek seme-alabak hazteak dakartzan lanak eta onurak berdintsu banatu eta betetzen badituzte. Gero eta gizon gehiago hasi dira era horretako guraso izaten, eta horiek nola jokatzen duten agertu nahi dugu, jendaurrean jarri, beste gizon batzuek ere hortik eredu har dezaten.  Horrez gain, gurasoek kontu hauei buruz hitz egiteko solasgunea sortu nahi dugu, beren esperientzien eta kezken berri emateko elkarri.

Justifikazioa eta helburuak:

Familia, eskola, komunikabide eta abarretan guraso izateko era desberdina erakusten zaigu gizonei eta emakumeei, ez zaizkigu zeregin eta inplikazio berdinak ematen batzuei eta besteei. Gizartean gizon edo emakume izateko jarri dizkigun rol eta estereotipo horiexek dira, hain justu, gaur egungo gizarte sexista honen euskarri eta, hala, gizonek oraindik ere botere ekonomiko eta politiko handiagoa daukate, eta emakumeentzat geratzen da etxeko lanen nahiz jendea zaintzearen ardura.

 Euskadin, etxetik kanpo ere lan egiten duten emakumeek askoz denbora gehiago pasatzen duten umeak nahiz premia handikoak zaintzen gizonezkoek baino.  Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunean 4.9 ordu egiten dituzte 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen; gizonezkoek, berriz, 3.1 ordu egunean.  Premia handiko jendea zaintzen ere bada desberdintasunik, gizonek egunean 1,5 ordu egiten dute norbait zaintzen eta emakumeek 2,3 ordu.

Hurkoak zaintzea oso pozgarria izan badaiteke ere, lantegi hori oso gaizki partituta dago eta gizonezkoek ez dute hainbeste ardura hartzen, eta azkenean emakumeentzat norbait zaindu beharra oztopo bihurtzen da bai lanean aurrea egiteko, bai eremu publikoan jarduteko, bai bere aisia eta osasuna behar bezala lantzeko eta abar. Alegia, lan-eskubideak nahiz babes soziala murriztu egiten dizkie egoera honek emakumeei.

Martxoak 19, “Aitaren egun” tradizionala, aitzakia ezin hobea da egoera hau aldatu nahi eta horretan ahalegintzen ari diren gizonak gogoetan jarduteko.  Amaren pareko aita izatea, ardura berdina izatea, ez da behin zerbait eginda bere kasa etortzen; ez: bizitzeko filosofia berria hartu behar da, eta egunero horretan ahalegindu. Guraso izateko era asko daude: biologikoki, adopzioz edo harreraz, aita edo ama bakarra izanez, sexu bereko bereko bikotea edukiz… Baina aita parekoa izaten ikasteko bidea beti bera da:

  • Etxeko lanak eta umeen zaintza banatu behar dira.
  • Besteak eta norbera zaindu behar da, eta ingurukoei ere besteak zaintzen erakutsi behar zaie.
  • Norberaren ekintzen bidez seme-alabei erakutsi behar zaie ez dagoela “mutilen konturik” edo “nesken konturik”; eta batzuei zein besteei jokabide eta gizalege berdina erakutsi behar zaie, neska edo mutil diren albora lagata, pertsona aske eta autonomo izan daitezen bai arlo publikoan bai pribatuan.
  • Hartu beharreko baimen, eszedentzia edo jardun-murrizketak hartu behar dira umeak zaintzeko.

Inposizioa baztertu behar da, eta horren ordez hizketaren bidez konpondu behar dira arazoak, negoziatuz, eta sentipenak eta zalantzak besteari erakutsiz.

Gizarte justua eta generozko bereizkeriarik gabekoa eraikitzeko, aita izateko eredu tradizionala aldatu behar dugu. Oraindik ere nagusi da gure gizartean, baina gizon batzuk dagoeneko hasita daude, urratsez urrats, bide berria urratzen, hurrengoen eredu.

Animatu, parte hartu  #Aitak+ kanpainan eta eman zure berri.

Irekian eztabaida:

https://www.facebook.com/gizonduz

https://twitter.com/Gizonduz @Gizonduz.

#Aitak+

 

Gehiago irakurtzea

Mikromatxismoa sorkuntzaren bidez bistaratzeko lehiaketa jarri dugu martxan, sari erakargarriekin

Argitaratuta 2 martxoa 2015 Gizonak eta berdintasuna |

mikromatxismoa_lehiaketa_2-300x225

Topatu.info eta Gaztezulok elkarlanean, gazte sorkuntza lehiaketa jarri dugu martxan. Komunikabideok jendartearen eraldaketan dugun paper garrantzitsuaz ohartuta eta feminismoarekin dugun konpromisoan berretsiz, mikromatxismoa bistaratzea izango da aurtengo lehiaketaren xedea. Agerian utzi nahi dugu gazteon artean ematen den ezkutuko indarkeria sexista, eta hori lortzeko sorkuntza lanak erabiliko ditugu.

Gaztea, sortzailea eta feminista bazara, zure bila gabiltza!

Lau sail izango ditu lehiaketak:

  • IKUS-ENTZUNEZKOA (BIDEOA): gehienez 3 minutu, kredituak barne.
  • IDATZIA: gehienez 6.000 karaktere espazioak barne, ordenagailuz.
  • ARGAZKIA
  • ILUSTRAZIOA

 

Martxoaren 30ean 12:00etan amaituko da lanak entregatzeko epea, eta epaimahaiak edukia (gaiaren lanketa) eta ideia eta originaltasuna hartuko ditu kontuan puntuazioak ematerako orduan, kalitate tekniko eta artistikoarekin batera.

Sariei dagokienez, ez dira nolanahikoak izango! Bideo eta argazkien sailean reflex kamera bana eskuratuko dute irabazleek, idatzien sailean ordenagailu eramangarria, eta ilustrazioetan tableta grafikoa eta memoria eramangarria.

Sariak apirilean Donostian antolatuko dugun jardunaldian banatuko dira. Jardunaldi horretan mikromatxismoaren inguruko lanketa egingo dugu gazte eragileekin eta mugimendu feministako kolektiboekin elkarlanean. Ekitaldi parte hartzailea izango da, taldeetan batu eta elkarren esperientziak partekatzeko erabiliko duguna.

Lehiaketaren oinarriak ikusi eta parte hartzeko, webgune bat sortu dugu: www.gaztesorkuntzalehiaketa.net

Epea amaitzean, bertan batuko ditugu lan guztiak, bilduma eder bat osatuz.

Taldean zein bakarka, eragin buruari eta ea ideia polit bat gorpuzten duzuen! Sari erakargarriak eskuratu ditzazkezue!

Begiratu spota:

Gehiago irakurtzea

“Berdintasunerako Legearen 10. urteurrena: indarrak metatzeko unea”

Argitaratuta 18 otsaila 2015 Orokorra |

Izaskun Landaida Larizgoitia, Emakundeko zuzendaria

 Iritzi artikulua

Gaur hamar urte bete dira Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuenetik. Legearen eraginkortasunaren eta azken hamar urteetan eman diren aldaketen ebaluazio bat egin baino lehen, interesgarria da Legea nola sortu zen gogoratzea: 1988. urtean Emakunde sortu ondoren, Berdintasun politikek arazo bat aurkitu zuten euren garapenerako: ez zegoen lege inguru sendo bat, ez zegoen indar juridiko lotesle bat orduko Akzio Positiborako Planek jasotzen zutena derrigorrez bete behar zenik agintzen zuenik. Egoera honen aurrean Emakundek ekimen legegile bat abian jartzearen beharra plazaratu zuen, bere barnean zeharkakotasuna kontuan hartuko zuena, eta ikuspegi integrala eta izaera eraldatzailea izango zuena. Legea egiteko prozesuak, gainera, parte hartzailea izan behar zuen, eta hala izan zen, bere elaborazioan parte hartu baitzuten emakumeen elkarteek, Jaurlaritzako sail ezberdinek, foru eta tokiko administrazioek eta Legebiltzarreko talde politikoek. Guztien elkarlanarekin 2005. urteko otsailaren 18an Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zen. Era honetara, erreferente bihurtu zen gure herria, izan ere, Estatu mailako Berdintasun Legea bera baino bi urte lehenago onartu baitzen.
Hamar urte igaro dira ordutik era urteurrenek lorpenak zenbatzeko balio izaten dute, baita kasu honetan ere, ezin baita ukatu hamar urte hauetan aurrerapauso handiak lortu direla berdintasunaren bidean. Hala ere, ezinezkoa da urrats garrantzitsu horiek agertzea aldi berean azpimarratu gabe berdintasunean oinarritutako gizarte baterako bidean geratzen zaizkigun pausoak asko eta handiak direla. Eta seinalatu gabe baita ere, zeintzuk diren berdintasunak bere bidean aurkitzen dituen oztopo nagusienak.
Lorpenei dagokienez, hamar urte hauetako ibilbidean, aipagarria da legearen bitartez sortu diren berdintasunerako tresnak eta egiturak, aurrerapen handia eman da alor honetan, gure herriko berdintasunaren politiken bizkar hezurra osatuz doa. Eta honekin batera, ugaldu egin dira berdintasunaren auzia berea egin duten pertsona, entitate, elkarte, enpresa eta erakundeak. Eman diren aurrerapausoak hauen guztien
konpromisoari esker eman dira hein handi batean, eta horien guztien ahalegina aitortzea beharrezkoa da.
Berdintasuna lortzea ez da lan erraza. Haziko bada, lurralde egoki bat behar du berdintasunak, eta lurralde berri hori eraikitzeko, gizartean eraldaketa iraunkorrak egiteko, denbora behar da, izan ere, balio berriak barneratzea eta ikasitako gauza asko alde batera uztea suposatzen baitu. Kontuan izan behar dugu aurreko hiru belaunaldiren lana behar izan zela, adibidez, 1933. urtean emakumeek Estatuan bozkatu ahal izateko. Beraz, berdintasunean egindako lanaren emaitzak ezin dira beti goizetik egunera ikusi. Hala ere, azken hamar urte hauetan ikusi ditugu aldaketa nabarmenak. Esaterako, emakumeak era orekatuan daude ordezkatuak gaur Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan, eta gero eta gehiago udal gobernuetan; Legebiltzarreko irudia guztiz aldatu da, Legeak emandako bultzadaz eremu honetan emakume eta gizonen arteko oreka lortu baita. Beste lorpen bat Gobernua, aldundiak eta udalak era koordinatuan lan egiteko tresnak sortzea izan da. Esan genezake, gainera, gure lurraldeko ezaugarri berezi bat dela hori, izan ere, Estatu mailan Arrazionalizazio Legearen ostetik udalek berdintasunean lan egin beharreko ardura edo konpetentzia galdu baitute.
Eta aurrera pausoak ez dira esparru publikora bakarrik mugatu, pribatuan ere eman dira aldaketak. Gero eta enpresa gehiago ari dira berdintasun planak lantzen, hiritarrek gero eta gehiago erreakzionatzen dute eta mobilizatzen dira egoera sexisten aurrean, gero eta gutxiago isiltzen dira emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean… Legeak jasotako erronka guztiak bere osotasunean betetzeko asko falta da oraindik, baina Legea bera izateak jada jartzen gaitu denok ipar berberera begira.
Hala ere, eta aurrera pausoen balioa ahaztu gabe, ezin dugu ukatu gure gizartea eta gure munduaren gaur egungo egoerak eta indarrean daukagun eredu sozio-ekonomikoak ez duela batere laguntzen berdintasunaren helburua lortzen. Berdintasunak, haziko bada, lurralde egoki bat behar dela aipatu dut, eta egungo eredu sozio-ekonomikoa ez dator bat berdintasunak behar dituen baldintzekin, ez dator bat gaur hamar urte betetzen duen Legeak aipatzen dituen helburu askorekin. Munduko aberastasuna gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan egoteak badu bere eragin zuzena emakumeen egoeran, izan ere, emakumeak baitira pobreziaren eta baliabide ekonomikoen gabeziaren biktima nagusiak. Eredu hau kontrajarria da pertsonen arteko berdintasun printzipioarekin, kontrajarria emakume eta gizonen arteko berdintasunak behar dituen baldintzekin.
Egoera honen kontrapuntuan feministen eta hainbat emakume eta gizon, elkarte eta erakundeen lana dago. Gu guztion iparrean gizarte hobe baten irudia dago, non gure
neska eta mutilek eskubide berberak izango dituzten, errespetuaz tratatuak izango diren, emakume eta gizonek lan merkatuan aukera berberak izango duten, edo zaintza lanetan eta etxeko arduretan emakume eta gizonen arteko erantzukizuna egongo den, besteak beste.
Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txertatzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten beste ermu batzuetan.
Gure herrian ondo ezagutzen dugu zein den auzolana hitzaren esanahia. Helburu konkretu bat lortzeko herritar guztien inplikazioaz eta laguntzaz burutzen den lana da. Berdintasunak ere auzolana behar du. Bakoitzak bere esku dagoen guztia eginez, auzolanak suposatzen duen antzinako ondarean oinarrituta, gizarte honek errazago izango du berdintasunak behar duen lurralde egokia eraikitzea.
Nik, nire aldetik, Berdintasunerako Legearen urtemuga hau aprobetxatu nahi dut egunero berdintasunaren alde lan egiten duten guztien lana eskertzeko eta indar berriak hartu ditzagun eskatzeko. Dugun lana ez da erraza. Egungo gizarte ereduak ez digu laguntzen, baina bakoitzak bere eragin-eremuan lanean jarraitu behar du. Horregatik behar dugu indar metaketa. Elkarrekin lan eginez bakarrik erein ahal izango baitugu berdintasunaren hazia bizitzea egokitu zaigun lurralde honetan.

 

Gehiago irakurtzea

Emakundek emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu Berdintasunerako Legearen 10. urteurrenean

Argitaratuta 17 otsaila 2015 Orokorra |

17/02/2015.- Bihar hamar urte betetzen dira Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuenetik. Iragana eta oraina bereizi zituen legeak alderdi askori dagokionez, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez: “Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txertatzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten eremu guztietan.

Adierazi duenez, “duela hamar urte emakumeak gizonak adina hasi ziren izaten erabaki politikoak hartzen diren eremuetan. 2005ean, ez zegoen emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekaturik euskal administrazio publikoetako ez organo legegileetan ez gobernu-organoetan. Gaur egun, ordea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dago Eusko Legebiltzarrean, batzar nagusietan, Eusko Jaurlaritzan, diputatuen kontseiluetan eta toki-administrazioetako zinegotzien artean”.

Legearen eraginez, nabarmen areagotu dira, baita ere, berdintasuna bultzatzeko egitura espezializatuak: “Gobernuan berdintasun-politikak indartzeko egitura bakarra Emakunde izatetik, gaur sail guztietan, Lanbiden, enpleguko euskal agentzietan eta garapenerako lankidetzan berdintasuneko atalak izatera igaro gara”.

Nabarmen ugaritu dira berdintasun-planak. Legea onetsi aurretik autonomia-administrazioek, foru-administrazioek eta toki-administrazioen % 15ek zuten berdintasun-plana, eta legea onetsi zenetik, berriz, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta toki-administrazioen % 42k dute (EAEko biztanleen % 90 biltzen dute).

Legeari esker langile gehiago kontratatu da administrazio publikoetan berdintasunaren alorrean aritzeko (% 142-ko igoera Eusko Jaurlaritzan)eta gora egin du administrazioko langileen berdintasunaren alorreko trebakuntzak: Eusko Jaurlaritzaren lanpostu tekniko guztiek berdintasunaren alorreko berariazko ezagutza behar dute, eta berdintasunari buruzko prestakuntza ematen da etengabe, sistematikoki eta modu egituratuan.

Eman diren beste aurrerapauso batzuk: botere publikoek herritarrekin harremanetan aritzerakoan erabiltzen duten hizkera nabarmen hobetu da, estatistika guztietan sartu da sexua aldagaia, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen arauetan genero-eraginaren ebaluazioa egiten da sistematikoki, kontratuak egin eta diru-laguntzak emateko berdintasunari buruzko klausulak bete behar dira, erakunde arteko koordinazio eta lankidetzarako egiturak nabarmen areagotu dira, herritarrak sexu-diskriminazioagatik babesteko zerbitzua sortu da, indarkeriaren biktima diren emakumeen babeserako eta ongizaterako lanabes gehiago sortu dira, beste lorpen batzuen artean.

Landaidak gogoratu du aurrerapauso guzti hauek ezinezkoak liratekeela Legeak duen indar lotesleari esker, eta ez du ahaztu nahi izan “Legearen onartzea  ezinbestekoa izango litzatekeela hainbat pertsonen lana, ahalegina eta konpromisorik gabe”. Landaidak azpimarratu du gizarteak aurrera egin badu ere berdintasunerantz, oraindik asko dagoela egiteko, eta pauso sendoak eman behar direla.   Horretarako beharrezko ikusten du gizarte honetako eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiek elkarrekin lan egitea”.

Gehiago irakurtzea

Elkarrizketa Christian Veske jaunari, Genero Berdintasunaren Europako Institutuko (EIGE, ingelesezko sigla) Gizonezkoak eta Genero Berdintasuna arloko arduraduna.

Argitaratuta 2 otsaila 2015 Orokorra |

1. Zer ekimen ari da garatzen Genero Berdintasunaren Europako Institutua gizonezkoek berdintasunaren aldeko borrokan parte har dezaten?

Genero Berdintasunaren Europako Institutua (EIGE) 2010. urtean hasi zen gizonezkoak eta genero-berdintasuna gaia lantzen, gizonezkoei eta maskulinitateari buruzko adituak Vilniusen elkartu zirenean. Garai hartan ez zenez aztertu oraindik zer arlotan sartu gaia, gizonezkoak eta maskulinitatea deitu zitzaion. Bileraren ostean, ikerketa bat jarri zen abian Europar Batasunean gizonezkoek genero-berdintasunean zuten inplikazioa ezagutzeko. Azterketaren baitan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari ziren erakundeei buruzko informazioa bildu zen. Informazio hori gure webguneko datu-basean jarri zen eskuragarri.

Genero-berdintasunean gizonezko gehiago inplikatzeko bidean mugarri garrantzitsua izan zen EIGEk Lazo Zuriaren Kanpainarekin bat egin zuen unea. Gizonezkoek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan parte har dezaten bultzatzea du xede kanpainak. Hasiera-hasieratik, gure helburua Europako eta hortik kanpoko gizon ezagunengana iriste izan da, kanpainarekin bat egin eta indarkeriaren aurka ager daitezen.

Kanpaina nahiko arrakastatsua izan da; hain zuzen ere, joan den abenduan bertan, Europako Parlamentuko presidente Martin Schulz batu zaio. Horrez gain, eztabaida-txanda antolatu genuen Europako Parlamentuan joan den abenduan eta bertara Lazo Zuriaren enbaxadoreak bildu genituen. Eztabaida interesgarria izan zen, baita nahiko sutsua ere tarteka.

2. Europa mailan, berdintasunaren alde gizonezkoekin egindako zer ekimen nabarmenduko zenituzke? Jardunbide egokirik azpimarratuko zenuke?

Oso zirraragarria da MenEngage Europe sarearen sorreraren lekuko izatea. Izan ere, berdintasunaren alde egiten duten gizonezkoen Europako erakundeen arteko lankidetza estuagoaren hasiera markatzen du horrek. Jabetzen naiz oraindik ere hasierako fasean daudela, baina anbizio handia dute. Emakumeen erakundeekin batera lan egitea pentsatzen dute eta hori ere faktore garrantzitsua da. Bestalde, pozik nago EIGE ere hainbatetan aritu baita haiekin lankidetzan. Hainbat eztabaida izan ditugu haiekin, eta babes handia eskaini ziguten iaz Lazo Zuriaren Kanpainan duten esperientziarekin.

3. Europar Batasuneko herrialdeetako egungo egoera oso konplexua da. Gizonezkoak berdintasun-politiketan inplikatzeari dagokionez, Ipar Europaren eta Hego Europaren artean alde nabarmenak daudela uste duzu? Non daude aldeak maila horretan?

Zuzen zabiltza egoera konplexua dela diozunean. Hala ere, ez nuke muga iparraldearen eta hegoaldearen artean jarriko. Askoz faktore gehiago daudela uste dut. Gizonezkoek genero-berdintasunean duten inplikazioari dagokionez, inplikazio handiena herrialde eskandinaviarretan badute ere, alderdi gehiago ere badaude. Zure erakundea bera, esate baterako, gizonezkoen inplikazioaren adierazgarri da, eta izugarrizko gauzak egiten ari zarete. Badaude, Europa osoan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari diren hainbat erakunde txiki, proiektu eta gizabanako ere. Nire ustez, lankidetza eta kooperazio gehiago behar da egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko.

Christian Veskeren elkarrizketa osorik

Gehiago irakurtzea

Gizonik ez Lilatoian

Argitaratuta 13 martxoa 2014 Orokorra | 0 iruzkinak

Argia

Atalak: Kirola

Urteroko leloa da, badakit: zergatik ezin dugu parte hartu gizonok Lilatoian? Eta aurten ere kexuka entzun dut ezagun bat, baina ez “zergatik ezin dugu emakumeekin batera joan, aldarrikapena elkarrekin eginez” tonuan, baizik “parekidetasuna eskatzen dute, baina gero gu diskriminatzen gaituzte, bada gero ez daitezela kexatu” gaineratuta.

XXXX (GipuzkoaDigital.com)

Emakumeek sarri sentitzen dutenarekin enpatizatu dezakete baztertuta sentitzen diren gizonek. Irudian: aurtengo Lilatoia (Argazkia: GipuzkoaDigital.com)

 

Lehenengo taldeko gizonei esango nieke bigarren taldekoen pentsamoldea oraindik ere hain zabaldua dagoen bitartean, beharrezkoa dela Lilatoia; eta bigarren taldekoentzat, hemen argudio gutxi batzuk:

– Behingoz, baita modu bisualean ere, protagonistak –erabatekoak, bakarrak– emakumeak izan daitezen. Eta helmugara iristen lehena –eta garaile bakarra– ere emakumezkoa izan dadin.

– Behingoz, modu sinbolikoan, literalean eta bisualean, emakumeek kalea har dezaten, espazio publikoa emakumeena –eta soilik beraiena– izan dadin.

– Behingoz, rolak alda daitezen: emakumeek jaso ditzaten txaloak, eta gizonak egon daitezen espaloian animatzen eta seme-alabak zaintzen.

– Jabetu gaitezen, arreta deitzen digula denak emakumezkoak izateak lasterketan, baina ez maratoi-erdi eta lasterketa “herrikoi” pila batean korrika ari diren %90a gizonezkoak izateak.

– 3.500 emakume –bereziki ama tartean bada– korrika ikustea edozein kanpaina baino eraginkorragoa delako neskatoak kirolera animatzeko.

– Baztertuta sentitzen diren gizonek enpatizatu dezaten emakumeek sarri sentitzen dutenarekin, kontziente edo inkontzienteki lasterketen –eta makina bat ekitaldiren– eredua oso maskulinoa baita: Dorleta Ugalde kirolariaren hitzetan, “onartuak direla eta kontuan hartzen dituztela sentitu behar dute emakumeek kirol munduan, bestela lekuz kanpo ikusten dutelako beren burua, giro arrotzean”.

– Horregatik guztiagatik diskriminazioa, diskriminazio positiboa, oraindik beharrezkoa delako; nola ulertu bestela hainbeste emakume animatzea festa giroa oinarri duen Lilatoian parte hartzera, eta hain gutxi proba mixtoetan?

– Lilatoia izan dadin lehen urratsa eta tranpolina, emakume horiek guztiek proba mixtoetarako jauzia egin dezaten. Izan ere, nik ere emakumeekin batera egin nahi dut korrika, baina ez martxoaren 8an.

Gehiago irakurtzea

Zaintza partekatuari buruzko eztabaida Berdintasunerako X Gunean

Argitaratuta 9 urria 2013 Orokorra | 0 iruzkinak

fiscal

Zaintza partekatuari buruzko eztabaidaren egoeraz jardunaldia antolatu zuen Emakundek, urrian zehar ospatzen ari den Berdintasunerako
X. Gunearen barruan. Ekitaldia irekitzen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria
eta Ana Agirre, justizia sailburu ordea izan ziren.

Bi mahanguru ospatu ziren. Lerhenegoan, alde jurikoak jorratu ziren eta bertan izan ziren Juan ramón Calparsoro, EAEko Fiskal Nagusia; María Angeles Jaime, Themise Emakume Legelarien Elkarteko lehendakariordez; eta Juana Balmaseda abokatua.

fiscal

izaskun

lizana1

Bestetik, alde psikosozialak landu zitue n mahainguruan Patricia Verdes eta Raúl Lizana psikologo eta psikoterapeuta egon ziren.

Jardunaldia amaitzean Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, konklusoiak azaldu zituen. Emakunderen iritziz, zaintza partekatua beste aukera bat izan behar da banaketa kasuetan, eta ez du zergatik izan behar derrigorrez lehentasunezkoa aldeen artean akordiorik ez dagoenean.

Emakunderen iritziz, zaintza partekatua legediak gaur egun duen aukera bat da, eta kasuz kasu aztertu behar dira egoerak, zaintza modua erabakitzeko.

Emakundern uste du kontuan izan behar dugula zein den errealitatea. Gaur eguneko gizartean urrun gaude erantzunkidetasunetik eta zentuz honetan gogoratzen du zaintza partekatua lehen unetik hasten da, umea jaiotzen
denetik edo adoptatzen denetik, seme-alabak heztea eta haztea ez baita eskubide
bat, betebehar bat baizik; betebehar iraunkorra da, eta ez dago pertsonaren
egoera zibilaren mende, ezta bizikidetzaren mende ere.

Eta guztiaren gainetik umeen interesak defenditu behar direla uste du Emakundek.

Gehiago irakurtzea

Jaietan, ez zaitez pasatu, ezta pasatzen utzi. Izaskun Landaida, Emakundeko Zuzendaria.

Argitaratuta 16 uztaila 2013 Erakundeen ekimenak, Indarkeria matxista | 0 iruzkinak

 

Garai honetan, jaiak dira herri askotan. Asko eta askorentzat, ondo pasatzeko egunak heldu dira, lagunekin elkartzeko egunak, jaiaz gozatzekoak. Egun hauetan askatzen dira urtean zehar usadioak eutsi dituen sentimendu asko; pozez eta emozioez zoratzeko egunak dira. Baina, era berean, muturreraino eramaten diren egunak dira eta agerian geratzen dira, inoiz baino argiago, gure gizartetik baztertu nahiko genituzkeen jarrera batzuk.

Jaiak lotuta daude balioen munduarekin, jaiek erreproduzitzen dituzte gizarte-ordena, botere-harremanak eta, beraz, bizitzan zehar gertatzen diren bereizkeriak jaietan ere izaten dira, batzuetan, modu ikusgarriagoan. Jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko borroka, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartea. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzaki emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko.

Gehiago irakurtzea