Gizonduz

Logotipo institucional euskadi.net
Navigation Menu

Martxoaren 19ko kanpaina #Aitak+

Argitaratuta 19 martxoa 2015 Aitak berdintasunean |

aitak_500

#Aitak+ kanpaina Emakundek bultzatu du, Gizonduz ekimenaren barruan, ardurak erdibanatzen dituen gurasotza paretsua bultzatzen lagundu nahian; sinetsita gaudelako gizarte hobea lortuko dugula gurasoek seme-alabak hazteak dakartzan lanak eta onurak berdintsu banatu eta betetzen badituzte. Gero eta gizon gehiago hasi dira era horretako guraso izaten, eta horiek nola jokatzen duten agertu nahi dugu, jendaurrean jarri, beste gizon batzuek ere hortik eredu har dezaten.  Horrez gain, gurasoek kontu hauei buruz hitz egiteko solasgunea sortu nahi dugu, beren esperientzien eta kezken berri emateko elkarri.

Justifikazioa eta helburuak:

Familia, eskola, komunikabide eta abarretan guraso izateko era desberdina erakusten zaigu gizonei eta emakumeei, ez zaizkigu zeregin eta inplikazio berdinak ematen batzuei eta besteei. Gizartean gizon edo emakume izateko jarri dizkigun rol eta estereotipo horiexek dira, hain justu, gaur egungo gizarte sexista honen euskarri eta, hala, gizonek oraindik ere botere ekonomiko eta politiko handiagoa daukate, eta emakumeentzat geratzen da etxeko lanen nahiz jendea zaintzearen ardura.

 Euskadin, etxetik kanpo ere lan egiten duten emakumeek askoz denbora gehiago pasatzen duten umeak nahiz premia handikoak zaintzen gizonezkoek baino.  Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunean 4.9 ordu egiten dituzte 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen; gizonezkoek, berriz, 3.1 ordu egunean.  Premia handiko jendea zaintzen ere bada desberdintasunik, gizonek egunean 1,5 ordu egiten dute norbait zaintzen eta emakumeek 2,3 ordu.

Hurkoak zaintzea oso pozgarria izan badaiteke ere, lantegi hori oso gaizki partituta dago eta gizonezkoek ez dute hainbeste ardura hartzen, eta azkenean emakumeentzat norbait zaindu beharra oztopo bihurtzen da bai lanean aurrea egiteko, bai eremu publikoan jarduteko, bai bere aisia eta osasuna behar bezala lantzeko eta abar. Alegia, lan-eskubideak nahiz babes soziala murriztu egiten dizkie egoera honek emakumeei.

Martxoak 19, “Aitaren egun” tradizionala, aitzakia ezin hobea da egoera hau aldatu nahi eta horretan ahalegintzen ari diren gizonak gogoetan jarduteko.  Amaren pareko aita izatea, ardura berdina izatea, ez da behin zerbait eginda bere kasa etortzen; ez: bizitzeko filosofia berria hartu behar da, eta egunero horretan ahalegindu. Guraso izateko era asko daude: biologikoki, adopzioz edo harreraz, aita edo ama bakarra izanez, sexu bereko bereko bikotea edukiz… Baina aita parekoa izaten ikasteko bidea beti bera da:

  • Etxeko lanak eta umeen zaintza banatu behar dira.
  • Besteak eta norbera zaindu behar da, eta ingurukoei ere besteak zaintzen erakutsi behar zaie.
  • Norberaren ekintzen bidez seme-alabei erakutsi behar zaie ez dagoela “mutilen konturik” edo “nesken konturik”; eta batzuei zein besteei jokabide eta gizalege berdina erakutsi behar zaie, neska edo mutil diren albora lagata, pertsona aske eta autonomo izan daitezen bai arlo publikoan bai pribatuan.
  • Hartu beharreko baimen, eszedentzia edo jardun-murrizketak hartu behar dira umeak zaintzeko.

Inposizioa baztertu behar da, eta horren ordez hizketaren bidez konpondu behar dira arazoak, negoziatuz, eta sentipenak eta zalantzak besteari erakutsiz.

Gizarte justua eta generozko bereizkeriarik gabekoa eraikitzeko, aita izateko eredu tradizionala aldatu behar dugu. Oraindik ere nagusi da gure gizartean, baina gizon batzuk dagoeneko hasita daude, urratsez urrats, bide berria urratzen, hurrengoen eredu.

Animatu, parte hartu  #Aitak+ kanpainan eta eman zure berri.

Irekian eztabaida:

https://www.facebook.com/gizonduz

https://twitter.com/Gizonduz @Gizonduz.

#Aitak+

 

Gehiago irakurtzea

Gizonduz ekimenaren blog berria

Gizonduz  ekimenaren  blog  berria

Argitaratuta 18 apirila 2013 Aitak berdintasunean, Erakundeen ekimenak, Gizonak eta berdintasuna, Gizonen taldeak, Indarkeria matxista, Orokorra | 0 iruzkinak

Ongi etorriak!

Gaurtik aurrera hau izango da Gizonduz ekimenaren blog berria eta eguneratuta. Espero dugu zeuen gustokoa izatea.

ZER DA GIZONDUZ?

Gizonduz gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekimen aitzindaria da eta Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatzen du.

Gizonduz terminoaren bitartez ideia hau transmititu nahi da: berdintasunak pertsona hobeagoak egiten gaitu; izan ere, emakumeen eta gizonen gaitasunen erabateko garapena ahalbidetu eta haien bizitza horizontea handitzen du.

ZERGATIK JARRI DUGU ABIAN GIZONDUZ?

Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek dirautelako.

Gizonek gutxi parte hartzen dutelako etxeko lanean eta berdintasunaren aldeko ekintzetan.

Gizonen inplikaziorik gabe berdintasuna posible ez delako.

Berdintasuna lortzeak pertsona guztiekin zerikusia duelako, gizonekin zein emakumeekin, eta denei onurak ekar diezazkiekelako.

Berdintasuna beharrizan estrategikoa da herrien giza garapenerako eta haien garapen sozial eta ekonomikorako.

Badaudelako, gainera, aldeko baldintzak.

ZERTAN DATZA GIZONDUZ?

Sentikortzearen, prestakuntzaren eta etxeko lanetan erantzukidetasuna lortzearen eremuan neurri multzoa osatzen duen ekimena da Gizonduz. Gizonek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez parte-hartze eta inplikazio handiagoa izan dezaten, eta aipatutako helburua lortzeko efektu biderkatzailea izango duen nahikoa masa kritikoa sortzeko. Aipatutako helburuak eta neurriak ondorengo bi ideietan oinarrituta: batetik, sentikortasuna eta trebakuntza pentsamoldea eta portaera aldatzeko giltza direla, eta, bestetik, gizonek sexuen arteko berdintasunaren aldeko kontzientziazioa eta konpromisoa handitzeko berariazko neurriak proposatzeak portaera-eredu soziokulturalen aldaketaren esparruan aurrerapauso handiagoa ematea erraztuko duela. Aldaketa ezinbestekoa da emakumeen egiturazko berdintasun ezeko egoeraren prozesuak edo faktoreak zuzentzeko, eta gizaki gisa garatzeko dauzkaten aukerak indartzeko (bai emakumeenak, bai gizonenak).

Ekimena 2007ko azaroan abian jarri zen eta hura aurrera eramateko berdintasunaren eta maskulinotasunen alorrean adituak diren eta gizonekin berdintasunaren aldeko lanean esperientzia duten pertsonen laguntza bilatu da.

Gehiago irakurtzea