Argitaratuta 21 maiatza 2013 Erakundeen ekimenak, Gizonak eta berdintasuna, Gizonezkoen indarkeriak, Indarkeria matxista | 0 iruzkinak

Genero-desberdintasuna eta sexismoa gizarte-sareetan lana aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak, nerabeek EAEn gizarte-sareei ematen dieten erabilerari buruzko ikerketa kualitatiboa

Genero-desberdintasuna eta sexismoa gizarte-sareetan (pdf, 1,3 Mb) azterlanaren abiapuntua eztabaidaezina da: gazteak, bereziki nerabeak, harreman-modu berriak esperimentatzen ari dira teknologia berriei eta gizarte-sare birtualek eskaintzen dituzten konexio- eta komunikazio-erraztasunei esker.

Gizarte-sareak gazteen artean zein neurritan dauden hedatuta aztertu ohi du Gazteen Euskal Behatokiak. Azkeneko datuen arabera, ia gazte guztiek erabiltzen dituzte: 15 eta 19 urte bitarteko mutilen % 91k eta nesken % 93k profilen bat dute gizarte-sareetan. Nerabeen belaunaldia gizarte-sareen inguruan ari da hazten eta bere nortasuna eraikitzen.

Komunikazio-modu berri horiek belaunaldirik gazteenetan dakartzan eraginak eta eraldaketak ezagutu nahi izan ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Horretarako, neskek eta mutilek gizarte-sareak nola erabiltzen dituzten eta eurentzat nolako garrantzia duten aztertu du, bai sexuaren arabera, bai adinaren arabera dauden aldeak ulertzen saiatuta.  

Ikerketa 2012ko irailetik abendura gauzatu zen, Sortzen Consultoría taldearekin elkarlanean, Ianire Estébanez eta Norma Vázquez egileek koordinaturik. Ikerketaren asmoa zifretatik harago joatea zen, genero-identitateak nola eraldatzen diren eta gizarte-sare horietan berdintasuna edo desberdintasuna nola eraikitzen diren ezagutze aldera. Hori dela-eta, metodologia kualitatiboa aukeratu zen —talde-eztabaidak—, eta bi adin-taldetako gazteei aplikatu zitzaien: 13 eta 17 urte bitartekoei eta 25 eta 29 urte bitartekoei. Nagusiak nerabeen iritzien kontraste-talde gisa erabili ziren. 11 talde egin ziren, eta ia ehun gazteren iritziak jaso ziren bertan. 

Taldeetan jasotako materialari esker, zera ondorioztatu da: gizarte-sareak modu desberdinean erabiltzen dituztela neskek eta mutilek, eta jarrera sexistak —are indarkeria matxista ere— presente daudela gure gazteen harreman birtualetan.

 

Gehiago irakurtzea