Gizonduz

Logotipo institucional euskadi.net
Navigation Menu

“Berdintasunerako Legearen 10. urteurrena: indarrak metatzeko unea”

Argitaratuta 18 otsaila 2015 Orokorra |

Izaskun Landaida Larizgoitia, Emakundeko zuzendaria

 Iritzi artikulua

Gaur hamar urte bete dira Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuenetik. Legearen eraginkortasunaren eta azken hamar urteetan eman diren aldaketen ebaluazio bat egin baino lehen, interesgarria da Legea nola sortu zen gogoratzea: 1988. urtean Emakunde sortu ondoren, Berdintasun politikek arazo bat aurkitu zuten euren garapenerako: ez zegoen lege inguru sendo bat, ez zegoen indar juridiko lotesle bat orduko Akzio Positiborako Planek jasotzen zutena derrigorrez bete behar zenik agintzen zuenik. Egoera honen aurrean Emakundek ekimen legegile bat abian jartzearen beharra plazaratu zuen, bere barnean zeharkakotasuna kontuan hartuko zuena, eta ikuspegi integrala eta izaera eraldatzailea izango zuena. Legea egiteko prozesuak, gainera, parte hartzailea izan behar zuen, eta hala izan zen, bere elaborazioan parte hartu baitzuten emakumeen elkarteek, Jaurlaritzako sail ezberdinek, foru eta tokiko administrazioek eta Legebiltzarreko talde politikoek. Guztien elkarlanarekin 2005. urteko otsailaren 18an Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zen. Era honetara, erreferente bihurtu zen gure herria, izan ere, Estatu mailako Berdintasun Legea bera baino bi urte lehenago onartu baitzen.
Hamar urte igaro dira ordutik era urteurrenek lorpenak zenbatzeko balio izaten dute, baita kasu honetan ere, ezin baita ukatu hamar urte hauetan aurrerapauso handiak lortu direla berdintasunaren bidean. Hala ere, ezinezkoa da urrats garrantzitsu horiek agertzea aldi berean azpimarratu gabe berdintasunean oinarritutako gizarte baterako bidean geratzen zaizkigun pausoak asko eta handiak direla. Eta seinalatu gabe baita ere, zeintzuk diren berdintasunak bere bidean aurkitzen dituen oztopo nagusienak.
Lorpenei dagokienez, hamar urte hauetako ibilbidean, aipagarria da legearen bitartez sortu diren berdintasunerako tresnak eta egiturak, aurrerapen handia eman da alor honetan, gure herriko berdintasunaren politiken bizkar hezurra osatuz doa. Eta honekin batera, ugaldu egin dira berdintasunaren auzia berea egin duten pertsona, entitate, elkarte, enpresa eta erakundeak. Eman diren aurrerapausoak hauen guztien
konpromisoari esker eman dira hein handi batean, eta horien guztien ahalegina aitortzea beharrezkoa da.
Berdintasuna lortzea ez da lan erraza. Haziko bada, lurralde egoki bat behar du berdintasunak, eta lurralde berri hori eraikitzeko, gizartean eraldaketa iraunkorrak egiteko, denbora behar da, izan ere, balio berriak barneratzea eta ikasitako gauza asko alde batera uztea suposatzen baitu. Kontuan izan behar dugu aurreko hiru belaunaldiren lana behar izan zela, adibidez, 1933. urtean emakumeek Estatuan bozkatu ahal izateko. Beraz, berdintasunean egindako lanaren emaitzak ezin dira beti goizetik egunera ikusi. Hala ere, azken hamar urte hauetan ikusi ditugu aldaketa nabarmenak. Esaterako, emakumeak era orekatuan daude ordezkatuak gaur Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan, eta gero eta gehiago udal gobernuetan; Legebiltzarreko irudia guztiz aldatu da, Legeak emandako bultzadaz eremu honetan emakume eta gizonen arteko oreka lortu baita. Beste lorpen bat Gobernua, aldundiak eta udalak era koordinatuan lan egiteko tresnak sortzea izan da. Esan genezake, gainera, gure lurraldeko ezaugarri berezi bat dela hori, izan ere, Estatu mailan Arrazionalizazio Legearen ostetik udalek berdintasunean lan egin beharreko ardura edo konpetentzia galdu baitute.
Eta aurrera pausoak ez dira esparru publikora bakarrik mugatu, pribatuan ere eman dira aldaketak. Gero eta enpresa gehiago ari dira berdintasun planak lantzen, hiritarrek gero eta gehiago erreakzionatzen dute eta mobilizatzen dira egoera sexisten aurrean, gero eta gutxiago isiltzen dira emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean… Legeak jasotako erronka guztiak bere osotasunean betetzeko asko falta da oraindik, baina Legea bera izateak jada jartzen gaitu denok ipar berberera begira.
Hala ere, eta aurrera pausoen balioa ahaztu gabe, ezin dugu ukatu gure gizartea eta gure munduaren gaur egungo egoerak eta indarrean daukagun eredu sozio-ekonomikoak ez duela batere laguntzen berdintasunaren helburua lortzen. Berdintasunak, haziko bada, lurralde egoki bat behar dela aipatu dut, eta egungo eredu sozio-ekonomikoa ez dator bat berdintasunak behar dituen baldintzekin, ez dator bat gaur hamar urte betetzen duen Legeak aipatzen dituen helburu askorekin. Munduko aberastasuna gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan egoteak badu bere eragin zuzena emakumeen egoeran, izan ere, emakumeak baitira pobreziaren eta baliabide ekonomikoen gabeziaren biktima nagusiak. Eredu hau kontrajarria da pertsonen arteko berdintasun printzipioarekin, kontrajarria emakume eta gizonen arteko berdintasunak behar dituen baldintzekin.
Egoera honen kontrapuntuan feministen eta hainbat emakume eta gizon, elkarte eta erakundeen lana dago. Gu guztion iparrean gizarte hobe baten irudia dago, non gure
neska eta mutilek eskubide berberak izango dituzten, errespetuaz tratatuak izango diren, emakume eta gizonek lan merkatuan aukera berberak izango duten, edo zaintza lanetan eta etxeko arduretan emakume eta gizonen arteko erantzukizuna egongo den, besteak beste.
Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txertatzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten beste ermu batzuetan.
Gure herrian ondo ezagutzen dugu zein den auzolana hitzaren esanahia. Helburu konkretu bat lortzeko herritar guztien inplikazioaz eta laguntzaz burutzen den lana da. Berdintasunak ere auzolana behar du. Bakoitzak bere esku dagoen guztia eginez, auzolanak suposatzen duen antzinako ondarean oinarrituta, gizarte honek errazago izango du berdintasunak behar duen lurralde egokia eraikitzea.
Nik, nire aldetik, Berdintasunerako Legearen urtemuga hau aprobetxatu nahi dut egunero berdintasunaren alde lan egiten duten guztien lana eskertzeko eta indar berriak hartu ditzagun eskatzeko. Dugun lana ez da erraza. Egungo gizarte ereduak ez digu laguntzen, baina bakoitzak bere eragin-eremuan lanean jarraitu behar du. Horregatik behar dugu indar metaketa. Elkarrekin lan eginez bakarrik erein ahal izango baitugu berdintasunaren hazia bizitzea egokitu zaigun lurralde honetan.

 

Gehiago irakurtzea

Emakundek emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu Berdintasunerako Legearen 10. urteurrenean

Argitaratuta 17 otsaila 2015 Orokorra |

17/02/2015.- Bihar hamar urte betetzen dira Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuenetik. Iragana eta oraina bereizi zituen legeak alderdi askori dagokionez, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez: “Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txertatzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten eremu guztietan.

Adierazi duenez, “duela hamar urte emakumeak gizonak adina hasi ziren izaten erabaki politikoak hartzen diren eremuetan. 2005ean, ez zegoen emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekaturik euskal administrazio publikoetako ez organo legegileetan ez gobernu-organoetan. Gaur egun, ordea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dago Eusko Legebiltzarrean, batzar nagusietan, Eusko Jaurlaritzan, diputatuen kontseiluetan eta toki-administrazioetako zinegotzien artean”.

Legearen eraginez, nabarmen areagotu dira, baita ere, berdintasuna bultzatzeko egitura espezializatuak: “Gobernuan berdintasun-politikak indartzeko egitura bakarra Emakunde izatetik, gaur sail guztietan, Lanbiden, enpleguko euskal agentzietan eta garapenerako lankidetzan berdintasuneko atalak izatera igaro gara”.

Nabarmen ugaritu dira berdintasun-planak. Legea onetsi aurretik autonomia-administrazioek, foru-administrazioek eta toki-administrazioen % 15ek zuten berdintasun-plana, eta legea onetsi zenetik, berriz, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta toki-administrazioen % 42k dute (EAEko biztanleen % 90 biltzen dute).

Legeari esker langile gehiago kontratatu da administrazio publikoetan berdintasunaren alorrean aritzeko (% 142-ko igoera Eusko Jaurlaritzan)eta gora egin du administrazioko langileen berdintasunaren alorreko trebakuntzak: Eusko Jaurlaritzaren lanpostu tekniko guztiek berdintasunaren alorreko berariazko ezagutza behar dute, eta berdintasunari buruzko prestakuntza ematen da etengabe, sistematikoki eta modu egituratuan.

Eman diren beste aurrerapauso batzuk: botere publikoek herritarrekin harremanetan aritzerakoan erabiltzen duten hizkera nabarmen hobetu da, estatistika guztietan sartu da sexua aldagaia, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen arauetan genero-eraginaren ebaluazioa egiten da sistematikoki, kontratuak egin eta diru-laguntzak emateko berdintasunari buruzko klausulak bete behar dira, erakunde arteko koordinazio eta lankidetzarako egiturak nabarmen areagotu dira, herritarrak sexu-diskriminazioagatik babesteko zerbitzua sortu da, indarkeriaren biktima diren emakumeen babeserako eta ongizaterako lanabes gehiago sortu dira, beste lorpen batzuen artean.

Landaidak gogoratu du aurrerapauso guzti hauek ezinezkoak liratekeela Legeak duen indar lotesleari esker, eta ez du ahaztu nahi izan “Legearen onartzea  ezinbestekoa izango litzatekeela hainbat pertsonen lana, ahalegina eta konpromisorik gabe”. Landaidak azpimarratu du gizarteak aurrera egin badu ere berdintasunerantz, oraindik asko dagoela egiteko, eta pauso sendoak eman behar direla.   Horretarako beharrezko ikusten du gizarte honetako eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiek elkarrekin lan egitea”.

Gehiago irakurtzea

Elkarrizketa Christian Veske jaunari, Genero Berdintasunaren Europako Institutuko (EIGE, ingelesezko sigla) Gizonezkoak eta Genero Berdintasuna arloko arduraduna.

Argitaratuta 2 otsaila 2015 Orokorra |

1. Zer ekimen ari da garatzen Genero Berdintasunaren Europako Institutua gizonezkoek berdintasunaren aldeko borrokan parte har dezaten?

Genero Berdintasunaren Europako Institutua (EIGE) 2010. urtean hasi zen gizonezkoak eta genero-berdintasuna gaia lantzen, gizonezkoei eta maskulinitateari buruzko adituak Vilniusen elkartu zirenean. Garai hartan ez zenez aztertu oraindik zer arlotan sartu gaia, gizonezkoak eta maskulinitatea deitu zitzaion. Bileraren ostean, ikerketa bat jarri zen abian Europar Batasunean gizonezkoek genero-berdintasunean zuten inplikazioa ezagutzeko. Azterketaren baitan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari ziren erakundeei buruzko informazioa bildu zen. Informazio hori gure webguneko datu-basean jarri zen eskuragarri.

Genero-berdintasunean gizonezko gehiago inplikatzeko bidean mugarri garrantzitsua izan zen EIGEk Lazo Zuriaren Kanpainarekin bat egin zuen unea. Gizonezkoek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan parte har dezaten bultzatzea du xede kanpainak. Hasiera-hasieratik, gure helburua Europako eta hortik kanpoko gizon ezagunengana iriste izan da, kanpainarekin bat egin eta indarkeriaren aurka ager daitezen.

Kanpaina nahiko arrakastatsua izan da; hain zuzen ere, joan den abenduan bertan, Europako Parlamentuko presidente Martin Schulz batu zaio. Horrez gain, eztabaida-txanda antolatu genuen Europako Parlamentuan joan den abenduan eta bertara Lazo Zuriaren enbaxadoreak bildu genituen. Eztabaida interesgarria izan zen, baita nahiko sutsua ere tarteka.

2. Europa mailan, berdintasunaren alde gizonezkoekin egindako zer ekimen nabarmenduko zenituzke? Jardunbide egokirik azpimarratuko zenuke?

Oso zirraragarria da MenEngage Europe sarearen sorreraren lekuko izatea. Izan ere, berdintasunaren alde egiten duten gizonezkoen Europako erakundeen arteko lankidetza estuagoaren hasiera markatzen du horrek. Jabetzen naiz oraindik ere hasierako fasean daudela, baina anbizio handia dute. Emakumeen erakundeekin batera lan egitea pentsatzen dute eta hori ere faktore garrantzitsua da. Bestalde, pozik nago EIGE ere hainbatetan aritu baita haiekin lankidetzan. Hainbat eztabaida izan ditugu haiekin, eta babes handia eskaini ziguten iaz Lazo Zuriaren Kanpainan duten esperientziarekin.

3. Europar Batasuneko herrialdeetako egungo egoera oso konplexua da. Gizonezkoak berdintasun-politiketan inplikatzeari dagokionez, Ipar Europaren eta Hego Europaren artean alde nabarmenak daudela uste duzu? Non daude aldeak maila horretan?

Zuzen zabiltza egoera konplexua dela diozunean. Hala ere, ez nuke muga iparraldearen eta hegoaldearen artean jarriko. Askoz faktore gehiago daudela uste dut. Gizonezkoek genero-berdintasunean duten inplikazioari dagokionez, inplikazio handiena herrialde eskandinaviarretan badute ere, alderdi gehiago ere badaude. Zure erakundea bera, esate baterako, gizonezkoen inplikazioaren adierazgarri da, eta izugarrizko gauzak egiten ari zarete. Badaude, Europa osoan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari diren hainbat erakunde txiki, proiektu eta gizabanako ere. Nire ustez, lankidetza eta kooperazio gehiago behar da egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko.

Christian Veskeren elkarrizketa osorik

Gehiago irakurtzea

Gizonik ez Lilatoian

Argitaratuta 13 martxoa 2014 Orokorra | 0 iruzkinak

Argia

Atalak: Kirola

Urteroko leloa da, badakit: zergatik ezin dugu parte hartu gizonok Lilatoian? Eta aurten ere kexuka entzun dut ezagun bat, baina ez “zergatik ezin dugu emakumeekin batera joan, aldarrikapena elkarrekin eginez” tonuan, baizik “parekidetasuna eskatzen dute, baina gero gu diskriminatzen gaituzte, bada gero ez daitezela kexatu” gaineratuta.

XXXX (GipuzkoaDigital.com)

Emakumeek sarri sentitzen dutenarekin enpatizatu dezakete baztertuta sentitzen diren gizonek. Irudian: aurtengo Lilatoia (Argazkia: GipuzkoaDigital.com)

 

Lehenengo taldeko gizonei esango nieke bigarren taldekoen pentsamoldea oraindik ere hain zabaldua dagoen bitartean, beharrezkoa dela Lilatoia; eta bigarren taldekoentzat, hemen argudio gutxi batzuk:

– Behingoz, baita modu bisualean ere, protagonistak –erabatekoak, bakarrak– emakumeak izan daitezen. Eta helmugara iristen lehena –eta garaile bakarra– ere emakumezkoa izan dadin.

– Behingoz, modu sinbolikoan, literalean eta bisualean, emakumeek kalea har dezaten, espazio publikoa emakumeena –eta soilik beraiena– izan dadin.

– Behingoz, rolak alda daitezen: emakumeek jaso ditzaten txaloak, eta gizonak egon daitezen espaloian animatzen eta seme-alabak zaintzen.

– Jabetu gaitezen, arreta deitzen digula denak emakumezkoak izateak lasterketan, baina ez maratoi-erdi eta lasterketa “herrikoi” pila batean korrika ari diren %90a gizonezkoak izateak.

– 3.500 emakume –bereziki ama tartean bada– korrika ikustea edozein kanpaina baino eraginkorragoa delako neskatoak kirolera animatzeko.

– Baztertuta sentitzen diren gizonek enpatizatu dezaten emakumeek sarri sentitzen dutenarekin, kontziente edo inkontzienteki lasterketen –eta makina bat ekitaldiren– eredua oso maskulinoa baita: Dorleta Ugalde kirolariaren hitzetan, “onartuak direla eta kontuan hartzen dituztela sentitu behar dute emakumeek kirol munduan, bestela lekuz kanpo ikusten dutelako beren burua, giro arrotzean”.

– Horregatik guztiagatik diskriminazioa, diskriminazio positiboa, oraindik beharrezkoa delako; nola ulertu bestela hainbeste emakume animatzea festa giroa oinarri duen Lilatoian parte hartzera, eta hain gutxi proba mixtoetan?

– Lilatoia izan dadin lehen urratsa eta tranpolina, emakume horiek guztiek proba mixtoetarako jauzia egin dezaten. Izan ere, nik ere emakumeekin batera egin nahi dut korrika, baina ez martxoaren 8an.

Gehiago irakurtzea

Zaintza partekatuari buruzko eztabaida Berdintasunerako X Gunean

Argitaratuta 9 urria 2013 Orokorra | 0 iruzkinak

fiscal

Zaintza partekatuari buruzko eztabaidaren egoeraz jardunaldia antolatu zuen Emakundek, urrian zehar ospatzen ari den Berdintasunerako
X. Gunearen barruan. Ekitaldia irekitzen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria
eta Ana Agirre, justizia sailburu ordea izan ziren.

Bi mahanguru ospatu ziren. Lerhenegoan, alde jurikoak jorratu ziren eta bertan izan ziren Juan ramón Calparsoro, EAEko Fiskal Nagusia; María Angeles Jaime, Themise Emakume Legelarien Elkarteko lehendakariordez; eta Juana Balmaseda abokatua.

fiscal

izaskun

lizana1

Bestetik, alde psikosozialak landu zitue n mahainguruan Patricia Verdes eta Raúl Lizana psikologo eta psikoterapeuta egon ziren.

Jardunaldia amaitzean Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, konklusoiak azaldu zituen. Emakunderen iritziz, zaintza partekatua beste aukera bat izan behar da banaketa kasuetan, eta ez du zergatik izan behar derrigorrez lehentasunezkoa aldeen artean akordiorik ez dagoenean.

Emakunderen iritziz, zaintza partekatua legediak gaur egun duen aukera bat da, eta kasuz kasu aztertu behar dira egoerak, zaintza modua erabakitzeko.

Emakundern uste du kontuan izan behar dugula zein den errealitatea. Gaur eguneko gizartean urrun gaude erantzunkidetasunetik eta zentuz honetan gogoratzen du zaintza partekatua lehen unetik hasten da, umea jaiotzen
denetik edo adoptatzen denetik, seme-alabak heztea eta haztea ez baita eskubide
bat, betebehar bat baizik; betebehar iraunkorra da, eta ez dago pertsonaren
egoera zibilaren mende, ezta bizikidetzaren mende ere.

Eta guztiaren gainetik umeen interesak defenditu behar direla uste du Emakundek.

Gehiago irakurtzea

Elkarrizketa: Josetxu Riviere Aranda, generoan eta maskulinitateetan espezialista.

Argitaratuta 1 uztaila 2013 Gizonak eta berdintasuna, Orokorra | 0 iruzkinak

Aniztasun maskulinoa onartzen badugu, eta ondoren “gizon” zuriaz, heterosexualaz… pentsatzen dugunean burura datorkigun eredua higatzen badugu, desberdintasuna sortzen duen eredu maskulinoa ahuldu dezakegu”

1.- Gizonduz programaren 2013ko prestakuntza-programan eskaintzen diren ikastaroetako bat “laneko arriskuen prebentzioa eta identitate maskulinoen eraikuntza” da. Zer lotura legoke lan-istripuen eta maskulinitateen artean? Zergatik da garrantzitsua hori gogoan izatea enpresetan prebentzio-politikak garatzeko?

Lan-arriskuen eta makulinitatearen eraikuntzaren arteko lotura ardatz hartuta planteatu genuen ikastaroa. Izan ere, gizonek lan-arriskuekin duten loturak zerikusia du –hein batean behintzat– osasunarekin, norbere buruaren zaintzarekin eta arriskuarekin duten loturarekin. Eredu maskulino tradizionala, nire ustez, gaur egun ez da identitate homogeneoa, baina eredu klasikoa ordezkatzen du: gizon zuria, eta heterosexuala. Eredu horrek oraindik ere iraunarazi eta justifikatu egiten du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, modu esplizituan edo ez horren esplizituan. Hasteko, lan-istripuen arrazoi nagusiak aztertuko ditugu, segurtasun-neurrien gabezia, azpikontratazioa eta lan-prekarietatea. Baina nahikoa argi babago arriskuaren kontzeptua lotuta dagoela gizontasunarekin eta horrek ondorioak dakartzala gizonen osasunari, bide-istripuei eta abarrei dagokienez, hori lan-munduan ere islatu behar da.

Istripurik gehienak oso maskulinizatuta dauden sektoreetan gertatzen dira; egia da. Baina kontuan hartu behar da lan batzuk gizonek egiteko antolatu zirela hasieratik; esan daiteke aldez aurretik hautaketa bat egiten dela lana egiteko modu bat –eta ez beste bat– aukeratzerakoan. Antolamendu-eredu horrek, oro har, baztertu egiten ditu emakume gehienak, eta gizon batzuk ere bai. Esate baterako, zementu-zaku baten pisu normala berrogeita hamar kilokoa bada, nolako pertsona dugu buruan? Aitzitik, pisua gehienez 15 kilo bada, argi dago beste ekoizpen-eredu bat eta beste langile batzuk ditugula gogoan.

Baina lan-istripuak ekoizpen-eredu sexista honetan kokatzeaz gain, kontuan hartu behar dugu emakumeek eta gizonek arriskua oso desberdin hartzen dutela beren gain; gizonak erresistentzia, kemena eta arriskua gisako balioetan oinarrituta ikasten dute, eta, horregatik, joera handiagoa izaten dute istripu gehiago izateko eta lan-eremuan osasuna behar bezala ez zaintzeko.

2.- Zaurgarritasuna ukatzeak eta arriskua eta erresistentzia goresteak, nola eragiten diote gizonen osasunari? zer ondorio dakarte? Matxismoa nola gauzatzen da osasunari dagokionez? Gizonen osasunerako kaltegarri dela esan daiteke?

Uste dut agi dagoela zaurgarritasuna ukatzeak eta balio maskulino tradizionalak goresteak zuzenean eragiten dutela gizon askok osasun txarra edukitzean eta norbere burua behar bezala ez zaintzean. Azterlan batzuetan adierazten denez –esaterako Luis Boninok egindakoan–, gizon askok atzeratu egiten dute medikuarengana joatea, eta askotan, gizontasuna nabarmentzen duen identitate-ezaugarritzat hartzen dute ondoeza eta mina sentitzea; batez ere, beste gizon batzuen aurrean. Medikuen jarraibideak betetzeko edo tratamendu mediko luzeak amaitzeko ere zailtasunak izaten dituzte. Horregatik, batzuetan berandu jotzen da osasun-sistemara, eta osasunean gertatzen diren ondorioak argiak dira. Esate baterako, prostata-minbiziaren prebentzioan, oso garrantzitsua da azterketa medikoak egitea 50 urtetik aurrera; Geriatria eta Gerontologiako Espainiako Sozietateak (SEGGs) dioenaren arabera, adin horretako gizonen artean, Espainian % 50ek baino ez zuen egin urteko azterketa, 2010 urtean.

Gehiago irakurtzea