Argitaratuta 2 otsaila 2015 Orokorra |

1. Zer ekimen ari da garatzen Genero Berdintasunaren Europako Institutua gizonezkoek berdintasunaren aldeko borrokan parte har dezaten?

Genero Berdintasunaren Europako Institutua (EIGE) 2010. urtean hasi zen gizonezkoak eta genero-berdintasuna gaia lantzen, gizonezkoei eta maskulinitateari buruzko adituak Vilniusen elkartu zirenean. Garai hartan ez zenez aztertu oraindik zer arlotan sartu gaia, gizonezkoak eta maskulinitatea deitu zitzaion. Bileraren ostean, ikerketa bat jarri zen abian Europar Batasunean gizonezkoek genero-berdintasunean zuten inplikazioa ezagutzeko. Azterketaren baitan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari ziren erakundeei buruzko informazioa bildu zen. Informazio hori gure webguneko datu-basean jarri zen eskuragarri.

Genero-berdintasunean gizonezko gehiago inplikatzeko bidean mugarri garrantzitsua izan zen EIGEk Lazo Zuriaren Kanpainarekin bat egin zuen unea. Gizonezkoek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan parte har dezaten bultzatzea du xede kanpainak. Hasiera-hasieratik, gure helburua Europako eta hortik kanpoko gizon ezagunengana iriste izan da, kanpainarekin bat egin eta indarkeriaren aurka ager daitezen.

Kanpaina nahiko arrakastatsua izan da; hain zuzen ere, joan den abenduan bertan, Europako Parlamentuko presidente Martin Schulz batu zaio. Horrez gain, eztabaida-txanda antolatu genuen Europako Parlamentuan joan den abenduan eta bertara Lazo Zuriaren enbaxadoreak bildu genituen. Eztabaida interesgarria izan zen, baita nahiko sutsua ere tarteka.

2. Europa mailan, berdintasunaren alde gizonezkoekin egindako zer ekimen nabarmenduko zenituzke? Jardunbide egokirik azpimarratuko zenuke?

Oso zirraragarria da MenEngage Europe sarearen sorreraren lekuko izatea. Izan ere, berdintasunaren alde egiten duten gizonezkoen Europako erakundeen arteko lankidetza estuagoaren hasiera markatzen du horrek. Jabetzen naiz oraindik ere hasierako fasean daudela, baina anbizio handia dute. Emakumeen erakundeekin batera lan egitea pentsatzen dute eta hori ere faktore garrantzitsua da. Bestalde, pozik nago EIGE ere hainbatetan aritu baita haiekin lankidetzan. Hainbat eztabaida izan ditugu haiekin, eta babes handia eskaini ziguten iaz Lazo Zuriaren Kanpainan duten esperientziarekin.

3. Europar Batasuneko herrialdeetako egungo egoera oso konplexua da. Gizonezkoak berdintasun-politiketan inplikatzeari dagokionez, Ipar Europaren eta Hego Europaren artean alde nabarmenak daudela uste duzu? Non daude aldeak maila horretan?

Zuzen zabiltza egoera konplexua dela diozunean. Hala ere, ez nuke muga iparraldearen eta hegoaldearen artean jarriko. Askoz faktore gehiago daudela uste dut. Gizonezkoek genero-berdintasunean duten inplikazioari dagokionez, inplikazio handiena herrialde eskandinaviarretan badute ere, alderdi gehiago ere badaude. Zure erakundea bera, esate baterako, gizonezkoen inplikazioaren adierazgarri da, eta izugarrizko gauzak egiten ari zarete. Badaude, Europa osoan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari diren hainbat erakunde txiki, proiektu eta gizabanako ere. Nire ustez, lankidetza eta kooperazio gehiago behar da egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko.

Christian Veskeren elkarrizketa osorik

Be Sociable, Share!