Argitaratuta 1 uztaila 2013 Gizonak eta berdintasuna, Orokorra | 0 iruzkinak

Aniztasun maskulinoa onartzen badugu, eta ondoren “gizon” zuriaz, heterosexualaz… pentsatzen dugunean burura datorkigun eredua higatzen badugu, desberdintasuna sortzen duen eredu maskulinoa ahuldu dezakegu”

1.- Gizonduz programaren 2013ko prestakuntza-programan eskaintzen diren ikastaroetako bat “laneko arriskuen prebentzioa eta identitate maskulinoen eraikuntza” da. Zer lotura legoke lan-istripuen eta maskulinitateen artean? Zergatik da garrantzitsua hori gogoan izatea enpresetan prebentzio-politikak garatzeko?

Lan-arriskuen eta makulinitatearen eraikuntzaren arteko lotura ardatz hartuta planteatu genuen ikastaroa. Izan ere, gizonek lan-arriskuekin duten loturak zerikusia du –hein batean behintzat– osasunarekin, norbere buruaren zaintzarekin eta arriskuarekin duten loturarekin. Eredu maskulino tradizionala, nire ustez, gaur egun ez da identitate homogeneoa, baina eredu klasikoa ordezkatzen du: gizon zuria, eta heterosexuala. Eredu horrek oraindik ere iraunarazi eta justifikatu egiten du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, modu esplizituan edo ez horren esplizituan. Hasteko, lan-istripuen arrazoi nagusiak aztertuko ditugu, segurtasun-neurrien gabezia, azpikontratazioa eta lan-prekarietatea. Baina nahikoa argi babago arriskuaren kontzeptua lotuta dagoela gizontasunarekin eta horrek ondorioak dakartzala gizonen osasunari, bide-istripuei eta abarrei dagokienez, hori lan-munduan ere islatu behar da.

Istripurik gehienak oso maskulinizatuta dauden sektoreetan gertatzen dira; egia da. Baina kontuan hartu behar da lan batzuk gizonek egiteko antolatu zirela hasieratik; esan daiteke aldez aurretik hautaketa bat egiten dela lana egiteko modu bat –eta ez beste bat– aukeratzerakoan. Antolamendu-eredu horrek, oro har, baztertu egiten ditu emakume gehienak, eta gizon batzuk ere bai. Esate baterako, zementu-zaku baten pisu normala berrogeita hamar kilokoa bada, nolako pertsona dugu buruan? Aitzitik, pisua gehienez 15 kilo bada, argi dago beste ekoizpen-eredu bat eta beste langile batzuk ditugula gogoan.

Baina lan-istripuak ekoizpen-eredu sexista honetan kokatzeaz gain, kontuan hartu behar dugu emakumeek eta gizonek arriskua oso desberdin hartzen dutela beren gain; gizonak erresistentzia, kemena eta arriskua gisako balioetan oinarrituta ikasten dute, eta, horregatik, joera handiagoa izaten dute istripu gehiago izateko eta lan-eremuan osasuna behar bezala ez zaintzeko.

2.- Zaurgarritasuna ukatzeak eta arriskua eta erresistentzia goresteak, nola eragiten diote gizonen osasunari? zer ondorio dakarte? Matxismoa nola gauzatzen da osasunari dagokionez? Gizonen osasunerako kaltegarri dela esan daiteke?

Uste dut agi dagoela zaurgarritasuna ukatzeak eta balio maskulino tradizionalak goresteak zuzenean eragiten dutela gizon askok osasun txarra edukitzean eta norbere burua behar bezala ez zaintzean. Azterlan batzuetan adierazten denez –esaterako Luis Boninok egindakoan–, gizon askok atzeratu egiten dute medikuarengana joatea, eta askotan, gizontasuna nabarmentzen duen identitate-ezaugarritzat hartzen dute ondoeza eta mina sentitzea; batez ere, beste gizon batzuen aurrean. Medikuen jarraibideak betetzeko edo tratamendu mediko luzeak amaitzeko ere zailtasunak izaten dituzte. Horregatik, batzuetan berandu jotzen da osasun-sistemara, eta osasunean gertatzen diren ondorioak argiak dira. Esate baterako, prostata-minbiziaren prebentzioan, oso garrantzitsua da azterketa medikoak egitea 50 urtetik aurrera; Geriatria eta Gerontologiako Espainiako Sozietateak (SEGGs) dioenaren arabera, adin horretako gizonen artean, Espainian % 50ek baino ez zuen egin urteko azterketa, 2010 urtean.

3.- Behin baino gehiagotan esan duzu: “indarkeria matxista prebenitzeko, maitasun erromantikoari, auziak konpontzeari eta hezkuntza emozionalari heldu behar zaie”. Zure ustez, zer lotura dago indarkeria matxistaren eta maitasun erromantikoaren artean?

Indarkeria matxista eraikitzeko oinarrian, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna dago: emakumeak eskubide gutxiago duten pertsonatzat hartzen dira, eta horrek eragiten du gizon askok indarkeria baliatzea; baina emakumeentzat eta gizonentzat eskubide desberdinak eraikitzean, oso da garrantzitsua maitatzeko moduak sozializatzea. Maitasun erromantikoa ez da neutroa; aitzitik, leku desberdinetan jartzen ditu emakumeak eta gizonak. Emakumeengandik eta gizonengandik gauza desberdinak espero dira; maitasun erromantikoa barneratzeko, adierazteko eta sentitzeko modu desberdinak. Hori “naturaltzat” jotzen da gure gizartean, baina gizartean eraikitako maitasun modu bat da, sexismoan oinarrituta eraikia. Pertsonen artean sexu-harremanak eta harreman afektiboak modu jakin batera izatera bultzatzen du eredu horrek: harreman heterosexuala, monogamoa eta bizitza osorakoa. Eredu hori mila eratan erreproduzitzen da, eta horrela sozializatzen gara ume garela neskalagunik edo mutilagunik ote dugun galdetzen digutenetik.

Lehenago ere esan dudanez, gizonentzat, maitasunaren adierazpena, garrantzitsua izan arren, ez da bizitzaren ardatza izango, ez behintzat emakumeentzat beste. Gure bizi-proiektuan oso faktore garrantzitsuak daude nork bere burua eraikitzeko: mundu publikoa, ekonomikoa edo soziala, eta horrek maitasunaren zeregina osatu edo ordeztu egiten du gure autoestimuan, eta, oraindik ere, maitasunaren garrantzia txikiagoa da emakume askorentzat baino. Izan ere, emakume horiek, jaso duten hezkuntzaren ondorioz, maitasuna beste modu batera ikusten dute, non sakrifizioa eta besteei dena ematea oso den garrantzitsua.

Nire iritziz, funtsezkoa da maitasun erromantikoari heltzea, sexu-harremanak eta harreman afektiboak berdintasunean oinarrituak izan daitezen. Zorionez, ez da maitasun- eta samurtasun-iturri bakarra, beste asko baititugu gure bizitzako harremanetan.

Jeloskortasuna maitasun-adierazletzat hartzea, zu gabe ez naiz ezer, edo konkistatzaile diren “erabateko gizonak” eredutzat hartzea oztopo dira gizonok harreman hobeak izan ditzagun, nahiz eta nabaria den oraindik ere, eremu batzuetan, emakumeei baino askatasun handiagoa ematen digutela.

Beste era batera pentsatu behar da maitasuna. Maitasuna hartu-eman bat da, non berdintasuna eta elkarrekikotasuna landu behar diren; alde batera utzi behar da ez dakit nondik datorren sentimendu bat dela, “olatu” baten antzera kolpatzen gaituena. Maitasun-harremanetan arazoak konpontzen ikasi behar da, etenik gabe ikasi, gure buruak aberastuz. Horrela maitatuz gero, ez dugu gutxiago maitatzen, hobeto maitatzen baizik.

4.- Bizi dugun krisi-garai honetan, berdintasunaren aldeko borraka ere krisian dagoela uste duzu? Berdintasunaren aldeko borrokari dagokionez ere, atzeraldian sar gaitezke?

Uste dut garai txarrak direla berdintasunean aurrera egiteko. Krisi honek bakoitza bere lekuan jarri du: erakundeetan berdintasunaren aldeko diskurtso argia eta egiazkoa zutenek baliabideak jartzen jarraitzen dute, programak sortzen eta bultzatzen jarraitzen dute; eta halako diskurtsorik ez zutenek, berriz, sakrifikatu egin dituzte berdintasunaren aldeko baliabideak –proportzioa kontuan hartu gabe sakrifikatu ere–, eta horrek argi uzten du zer nolako garrantzia ematen zioten gaiari; horretaz gainera, legedian aldaketak egiten ari dira, eta ondorioz, emakumeak gizartean leku okerragoan geratzen ari dira, askatasun gutxiagorekin. Gai batzuetan atzera egitea, esaterako abortuaren gaian, edo udalerri txikietan berdintasun-agenteak kentzea eta berdintasunaren aldeko kolektiboentzako diru-laguntzak gutxitzea, ez dira urrats zuzenak, atzera egiten baitugu eskubideei dagokienez.

Krisiak ez dio eragin, ordea, mugimendu feministari, LGTB-ri, eta berdintasunaren aldeko gizonen mugimendu txikiari, berdintasuna lortzeko lanean jarraitzen baitute, lehen bezala, eta, orain, jardun beharreko fronte gehiagorekin.

5.- Emakumeen aurkako indarkeria matxismoaren ondorio kezkagarrienetako bat da. Azken aldiotan, gure inguruan gehitu egin dira emakumeen kontrako indarkeria baliatu duten gizon gazteak; gainera, biktimen artean, gehienak 30 urtetik beherako emakumeak izan dira. Eredu patriarkal klasikoak forma moderno eta sofistikatuago batzuekin erreproduzitzen ari ote dira?

Bai, zalantzarik gabe. Gazteek sozializatzeko baliatzen duten eredu maskulinoa lehen baino askotarikoagoa da. Uste dut garrantzitsua dela hori aintzat hartzea, baina matxismoaren nukleo gogorrenak oso errotuta jarraitzen du gure gizartean, sotilago sustraitua dago, eta horregatik, gazteek ez dute horren erraz identifikatzen. Oso kezkagarria da nahiko hedatuta dagoen uste hau: lortu dugu berdintasuna; beraz, nola emakumeek hala gizonek eskubide berberak ditugu, eta norberaren esku dago eskubide horiek baliatzea. Gizon gazte askok uste dute askatasuna dugula emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, eta bakoitzak nahi duena aukeratzen duela. Uste hori ikaragarri kaltegarri da, zeren eta alde batera uzten da gure identitatea nola osatzen dugun, nola desberdin sozializatzen garen emakumeak eta gizonak, oraindik ere matxista den gizarte batean.

6.- Michael Kaufman-ek defendatzen duenez, “emakumeen aurkako indarkeria gizonen arazoa da, emakumeek pairatzen dutena”. Ados zaude? Hala bada, gizonek zer zeregin izan behar lukete indarkeria matxistaren kontrako borrokan?

Bat nator ideia horrekin. Sozializazio maskulino tradizionalean, elkarri lotuta daude indarkeria eta auziak konpontzeko modua; sozializazio horretan gizon askori legitimitatea ematen zaio emakumeengan boterea baliatzeko. Horren haritik, gizonei dagokien arazoa da, eta gizarte osoari dagokiona; identitate hori beste gizon batzuekiko eta emakumeekiko harremanetan eraikitzen da, baina indarkeria matxista konpontzeko, aldarazi egin behar dira gizonak. Uste dut Kaufman oso zuzen dabilela horretan.

7.- Gizonek zer zeregin izan behar lukete berdintasun-politiketan?

Gizonekin egiten den lana oso garrantzitsua delakoan nago. Lekua izan behar dute politika publikoetan, ez soilik aldatu beharreko objektu diren aldetik –emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari askok jartzen dizkioten trabak gainditzeko–, baizik eta aldaketaren subjektu diren aldetik ere bai. Gaur egun, gure gizartean, eredu maskulinoa, guztiz homogeneoa inoiz izan ez den arren, lehen baino askotarikoagoa da, eta berdintasuna motel gauzatzen doan arren, ideiak eta jarrerak aldatu dituzten gizonak ere badaude. Beraz, berdintasunean aurrera egiteko, gizonen babesa behar dugu, urratsak egin dituzten gizonekin lan egin behar dugu, oraindik ere berdintasunaren aldekoak ez diren gizonak aldarazteko.

Aniztasun maskulinoa onartzen badugu, eta hortik “gizon” zuriaz, heterosexualaz… pentsatzen dugunean burura datorkigun eredua higatzen badugu, desberdintasuna sortzen duen eredu maskulinoa ahuldu dezakegu. Hori da egin beharreko lana; gizonekin bakarrik ez, baina nagusiki gizonekin egin beharrekoa. Nire ustez, arazo garrantzitsu bat dago gizon askorentzat: ez dute desberdintasunik ikusten, dituzten pribilegioak ez dituzte ikusten, zeren eta, naturalizatu egin dute desberdintasuna, haientzat hori da “normala”. Gizarte berdinzale bat lortzeko, alde batera utzi behar dira gizon askok dituen pribilegio maskulino horiek. Horregatik, beharrezkotzat jotzen ditut eredu maskulinoa zalantzan jartzen duten programak, eta pribilegioak eta sexismoak gizonen bizitzan dituen ondorioak azaleratzen dituzten programak.

8.- Etorkizunari dagokionez, baikor zaude? Ezkor?

Bada, ez dakit. Uste dut berdintasunaren alde lortutako aurrerabide batzuk sakonak direla gure gizartean, balioei dagokienez behinik behin. Baina oso zaila da kontzientzia kolektiboan edo legeetan finkatu den berdintasunetik harago joatea, eta berdintasuna benetako bihurtzen duten aldaketak babestea; aldaketa horiek beste gizarte modu bat gauzatu behar lukete, non pertsona guztiek aukera-berdintasun berberak izango dituzten, duten biologia dutela, edo dituzten sexu-aukerak dituztela. Pertsonen eguneroko jokabideetan gertatutako aldaketak ere nabariak dira, baina gauza bera pasatzen da: oraindik ere asko dago aldatzeko.

Ez da aldaketarik gertatzen baldin eta herritarrek bultzatzen ez badute, arlo sozialetik eta erakundeetatik. Kezkagarri da alderdi biak ahuldu eta murriztu izana, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeari eta sendotzeari dagokionez.

Bestalde, oraindik ere masa kritiko sendoa dago mugimendu feministen edo berdintasunaren aldeko mugimenduetan, pertsonengan eta erakunde batzuetan, horiek etsi gabe saiatzen baitira gizartea aldatzen. Hori oso garrantzitsua da.

Be Sociable, Share!