Argitaratuta 17 otsaila 2015 Orokorra |

17/02/2015.- Bihar hamar urte betetzen dira Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zuenetik. Iragana eta oraina bereizi zituen legeak alderdi askori dagokionez, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi duenez: “Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txertatzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten eremu guztietan.

Adierazi duenez, “duela hamar urte emakumeak gizonak adina hasi ziren izaten erabaki politikoak hartzen diren eremuetan. 2005ean, ez zegoen emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekaturik euskal administrazio publikoetako ez organo legegileetan ez gobernu-organoetan. Gaur egun, ordea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua dago Eusko Legebiltzarrean, batzar nagusietan, Eusko Jaurlaritzan, diputatuen kontseiluetan eta toki-administrazioetako zinegotzien artean”.

Legearen eraginez, nabarmen areagotu dira, baita ere, berdintasuna bultzatzeko egitura espezializatuak: “Gobernuan berdintasun-politikak indartzeko egitura bakarra Emakunde izatetik, gaur sail guztietan, Lanbiden, enpleguko euskal agentzietan eta garapenerako lankidetzan berdintasuneko atalak izatera igaro gara”.

Nabarmen ugaritu dira berdintasun-planak. Legea onetsi aurretik autonomia-administrazioek, foru-administrazioek eta toki-administrazioen % 15ek zuten berdintasun-plana, eta legea onetsi zenetik, berriz, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek eta toki-administrazioen % 42k dute (EAEko biztanleen % 90 biltzen dute).

Legeari esker langile gehiago kontratatu da administrazio publikoetan berdintasunaren alorrean aritzeko (% 142-ko igoera Eusko Jaurlaritzan)eta gora egin du administrazioko langileen berdintasunaren alorreko trebakuntzak: Eusko Jaurlaritzaren lanpostu tekniko guztiek berdintasunaren alorreko berariazko ezagutza behar dute, eta berdintasunari buruzko prestakuntza ematen da etengabe, sistematikoki eta modu egituratuan.

Eman diren beste aurrerapauso batzuk: botere publikoek herritarrekin harremanetan aritzerakoan erabiltzen duten hizkera nabarmen hobetu da, estatistika guztietan sartu da sexua aldagaia, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen arauetan genero-eraginaren ebaluazioa egiten da sistematikoki, kontratuak egin eta diru-laguntzak emateko berdintasunari buruzko klausulak bete behar dira, erakunde arteko koordinazio eta lankidetzarako egiturak nabarmen areagotu dira, herritarrak sexu-diskriminazioagatik babesteko zerbitzua sortu da, indarkeriaren biktima diren emakumeen babeserako eta ongizaterako lanabes gehiago sortu dira, beste lorpen batzuen artean.

Landaidak gogoratu du aurrerapauso guzti hauek ezinezkoak liratekeela Legeak duen indar lotesleari esker, eta ez du ahaztu nahi izan “Legearen onartzea  ezinbestekoa izango litzatekeela hainbat pertsonen lana, ahalegina eta konpromisorik gabe”. Landaidak azpimarratu du gizarteak aurrera egin badu ere berdintasunerantz, oraindik asko dagoela egiteko, eta pauso sendoak eman behar direla.   Horretarako beharrezko ikusten du gizarte honetako eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiek elkarrekin lan egitea”.

Be Sociable, Share!