Publicado por el 30 junio 2016 en General, Iniciativas institucionales, Los hombres ante la igualdad, Violencia machista |

Berria.-2016-06-29Maialen Unanue

Hogei urte dira Bidasoaldeko Emakumeak koordinakundeak Irungo alardean emakumeek gizonen pare desfila zezatela eskatu zuela. Hogei urte geroago, bi alarde egiten dituzte: publikoa eta parekidea da bat; pribatua da bestea, emakumerik onartzen ez duena.

erdintasuna bizitzaren alor guztietara zabaltzen ari den honetan, puntu beltz bat geldituko da mapan Irun eta Hondarribiaren gainean: hori eragozpena izango da haientzat, baita lotsagarria ere». Txaro Arribasek (Irun, Gipuzkoa, 1955) gazi-gozo hitz egiten du Irungo alardeen etorkizunaz. Izan ere, hogei urte barru, oraindik ere, bi alarde egingo direla uste du. Baina sinetsita dago indartu egingo dela alarde parekidea, hazi: «Bikoitza izango da». Eta, kontrara, gero eta pisu handiagoa hartuko du, alarde pribatuaren kasuan, emakumeak diskriminatzeak. Bihar egingo dute alardea Irunen.

Ez zen osoko bilkura hartan izan, baina Elixabete Rekartek (Irun, Gipuzkoa, 1974) gogoan du nola parte hartu zuen bilera haietan. 1997an atera zen lehenengoz; alarde parekidea babesteko osatu zuten giza hesian egon zen. «Oso gogorra» zen giroa orduan; «denetarik» botatzen zieten alarde parekidean desfilatzen ari zirenei. Gerora, postu desberdinetan atera izan da, eta badira urte batzuk aizkolari gisa atera dena: «Ohituta gaude postu guztiak berdinak izatera emakume eta gizonentzat; beste alardean ez genuke aukera hori izango».

Zorrotz hitz egiten du Arribasek. Hezur-haragitan bizi du alardearen auzia, hasieratik. Duela hogei urte, 1996ko maiatzean, udal arautegia aldatzeko eskatu zuen Bidasoaldeko Emakumeak koordinakundeak osoko bilkuran, emakumeek gizonen pare alardean parte hartzea ahalbidetzeko. Eskutitz bat irakurri zuten egun hartan: parte hartzea ahalbidetzeko eskatzeaz gain, andreek «kezka» adierazi zuten, ez baitzekiten eskaera horrek zer nolako erreakzioak eragingo zituen. Inork ez zuen espero, hogei urte geroago bi alarde egingo zirenik.

Erantzukizunak, garbi

Gatazkaren erantzuleak zein diren garbi dute: udala eta herriko alderdi politikoak. «Erreakzio oso fuertea egon zen hasieran: udala, batez ere PSE-EE eta EAJ, beldurtu egin ziren», azaldu du Arribasek. Emakunderen, Arartekoaren eta Eusko Ikaskuntzaren txostenak zituzten ordurako, guztiak andreek alardean gizonen pare parte hartzearen aldekoak. Baina ez ziren nahikoa izan. «Alderdikeriaz erabili zuten, botoak lortzeko: EAJ hasi zen, eta PSE ez zen atzean gelditu», gogoratu du Rekartek. «Hein handi batean, horrek pozoitu du dena», ebatzi du Arribasek.

Biak bat datoz: Irundik kanpo, auzia ez da ulertzen. «Azken urteetan, beste leku batzuetan, ez da arazorik izan, eta hemen, aldiz, ez gara gai izan honi aurre egiteko». Francisco Buen (PSE-EE) orduko alkatearekin egindako bileretan, sexuagatik diskriminaziorik ez jasateko eskubidea nazioartean aitortua dela gogoratu zioten andreek, Arribasen esanetan: «Hori epaitegiek ebatzi beharko zutela erantzun zigun».

Hala, EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten andreek 1997ko urtarrilean. Alardea baino bost egun lehenago, kautelazko neurria kaleratu zuen, andreen aldekoa. Alkateak, ebazpena betetzeko, leku «umiliagarri samarrean» joateko proposatu zien: artilleriaren atzean. «Horrekin amaitzen da desfilea». Baina andreek, eztabaida luze baten ostean, onartu egin zuten: «Bagenekien aldaketak denbora eskatuko zuela egun hori normaltasunez bizi ahal izateko: beraz, onartu egin genuen, lehenengo urratsa izan zitekeelakoan». Alardeko agintariek bilera egin zuten, ebazpen hura bete edo ez bozkatzeko: onartu egin zuten —aldeko hamabost boto, aurkako hamabi—.

Baina erabakia errespetatu beharrean, aurka zeudenak elkartu egin ziren alardearen bezperan, eta ibilbidea aldatzea erabaki. Hurrengo egunean, alarde parekidearen aldekoak, San Juan plazara iristean, bakarrik zeudela konturatu ziren. «Une hori erabakigarria izan zen: udalak momentu horretan esan izan balu hori ez zela posible, emakumeek parte hartu behar zutela nahitaez, ziurrenik gaur ez ginateke ariko honi buruz hitz egiten», azpimarratu du Arribasek.

irakurri geiago.

Be Sociable, Share!