Argitaratuta 21 maiatza 2013 Erakundeen ekimenak, Gizonak eta berdintasuna, Gizonezkoen indarkeriak, Indarkeria matxista | 0 iruzkinak

Genero-desberdintasuna eta sexismoa gizarte-sareetan lana aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak, nerabeek EAEn gizarte-sareei ematen dieten erabilerari buruzko ikerketa kualitatiboa

Genero-desberdintasuna eta sexismoa gizarte-sareetan (pdf, 1,3 Mb) azterlanaren abiapuntua eztabaidaezina da: gazteak, bereziki nerabeak, harreman-modu berriak esperimentatzen ari dira teknologia berriei eta gizarte-sare birtualek eskaintzen dituzten konexio- eta komunikazio-erraztasunei esker.

Gizarte-sareak gazteen artean zein neurritan dauden hedatuta aztertu ohi du Gazteen Euskal Behatokiak. Azkeneko datuen arabera, ia gazte guztiek erabiltzen dituzte: 15 eta 19 urte bitarteko mutilen % 91k eta nesken % 93k profilen bat dute gizarte-sareetan. Nerabeen belaunaldia gizarte-sareen inguruan ari da hazten eta bere nortasuna eraikitzen.

Komunikazio-modu berri horiek belaunaldirik gazteenetan dakartzan eraginak eta eraldaketak ezagutu nahi izan ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Horretarako, neskek eta mutilek gizarte-sareak nola erabiltzen dituzten eta eurentzat nolako garrantzia duten aztertu du, bai sexuaren arabera, bai adinaren arabera dauden aldeak ulertzen saiatuta.  

Ikerketa 2012ko irailetik abendura gauzatu zen, Sortzen Consultoría taldearekin elkarlanean, Ianire Estébanez eta Norma Vázquez egileek koordinaturik. Ikerketaren asmoa zifretatik harago joatea zen, genero-identitateak nola eraldatzen diren eta gizarte-sare horietan berdintasuna edo desberdintasuna nola eraikitzen diren ezagutze aldera. Hori dela-eta, metodologia kualitatiboa aukeratu zen —talde-eztabaidak—, eta bi adin-taldetako gazteei aplikatu zitzaien: 13 eta 17 urte bitartekoei eta 25 eta 29 urte bitartekoei. Nagusiak nerabeen iritzien kontraste-talde gisa erabili ziren. 11 talde egin ziren, eta ia ehun gazteren iritziak jaso ziren bertan. 

Taldeetan jasotako materialari esker, zera ondorioztatu da: gizarte-sareak modu desberdinean erabiltzen dituztela neskek eta mutilek, eta jarrera sexistak —are indarkeria matxista ere— presente daudela gure gazteen harreman birtualetan.

 

 

Argi geratzen da neskek eta mutilek, adina gorabehera, modu desberdinean erabiltzen dituztela gizarte-sareak. Neskek adierazmolde pertsonal eta sozial gisa darabiltzate; mutilen erabilera, aldiz, instrumentalagoa edo aisiazkoagoa da. Erabilera bereizi horren ondorioetako bat da neskak, nerabeak, bereziki, neurri handiagoan arriskatzen direla gizarte-sareen bitartez: argazki gehiago igotzen dituzte eta euren sentimenduak deskribatzen, harreman afektiboak ezarri nahian. Horri lotuta, gizarte-sareetan erasoak jasateko arrisku handiagoa ere badute. 

Erabilitako gizarte-sare motari dagokionez, aldeak daude adinaren arabera: nerabeek, hala neskek, nola mutilek, Tuenti darabilte sarrien, eta Twitter-erabiltzaileen kopurua handituz doa. 25 eta 29 urte bitarteko gazteek, ordea, Facebook erabiltzen dute neurri handiagoan. Gizarte-sarea izan ez arren, Whatsapp mezularitza-aplikazioa talde guztien diskurtsoan nabarmendu da. Dirudienez, lagunen artean komunikatzeko biderik gogokoena bilakatu da. Presio- eta kontrol-elementua ere bada batzuetan, bat-batekoa delako eta hainbat ezaugarri jakin dituelako. Aplikazio honen bitartez, batzuetan, kontrola eta jelosia bizi izan dutela adierazten dute adin guztietako neskek. Mutilen iritziz, etengabe “konektatuta” egotea gogaikarria izan daiteke, bereziki, adinez nagusiagoak direnentzat.

Bai nesken, bai mutilen iritziz, neskek sexu-jazarpen handiagoa jasaten dute sareen bidez, eta neskek normaltasunez eta ohikotasunez adierazten dute nahi ez dituzten kontaktuak dituztela. Neska nerabeak ez dira behartuta sentitzen kontaktu eta sexu-jazarpen saialdiekin. Emakume gazteek, ordea, arrisku-kontzientzia handiagoa garatzen dute, eta arduratuta daude neska nerabeekin, norberaren nerabezaroan baino ahulagoa ikusten baitute belaunaldi berria. Egungo nerabeak gizarte-sareekin hazten ari dira; ez zitzaien horrelakorik gertatu orain 25 eta 29 urte bitartekoak diren gazteei.

Kezkagarria da nerabeek, neskek zein mutilek, gizarte-sareetan tratu sexista normaltzat jotzea eta eurengan eta euren bizitzetan eraginik ez duela pentsatzea. Hartara, beharrezkoa da prebentzio- eta kontzientziazio-lana. Neska-mutil nagusiak, bereziki, neskak, jabetuago daude egoera horretaz. Areago, sexismoaren aurkako ziberaktibismoari ekiten diote, euren ustez, gizarte-sareak ere jarrera matxistei aurre egiteko espazioa ere badira eta.

Azken batean, gazteetzat eta familiatik edo hezkuntza formal nahiz informaletik berdintasunaren eta jarrera sexistak errotik kentzearen alde lan egiten dutenentzat ekarpen baliagarria izatea da ikerketa honen helburua.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

Be Sociable, Share!