Publicado por el 4 Septiembre 2017 en General |

Oihana Etxebarrietaren hitzak dira, alarde parekidearen alde 20 urte borrokatzen daraman Jaizkibel konpainiaren kapitain berriarenak. Bezperatan elkarrizketa egin diogu.

Nolako aldartearekin helduko diozu ardura berriari, kontuan izanda ez duzuela jai giro hutseko alarde batean parte hartzen. Gatazkak dirau.

Pixka bat urduri nago eta informazio berri asko jasotzen ari naiz. Hamaika urte daramatzat Jaizkibel konpainian, baina beti konpainiako kide bezala eta jakin gabe zer den hori guztia antolatzea, atzetik dakarren ardura guztia, bilerak… Jaiaz gozatzeko gogo handia dut, baina jaia bakarrik ez denez, oraindik badugunez gatazka puri-purian, milaka bilera egiten gabiltza: Ertzaintza, erakundeekin hitz egin… Egunean bertan oraindik dauden eta sortu daitezkeen gatazka egoerei aurre hartzeko lanean ari gara.

Hamaika urte daramazu Jaizkibel konpainian. Giroan aldaketarik antzeman al duzu?

Bai. Duela hamaika urte, urratsa ematera ausartu nintzenean, momentu polit eta aldi berean gogor bezala gogoratzen dut. Konpainiako kide izateak esan nahi du jende batekin harremanak eteten direla, irailaren 8aren bueltan urduritasuna sumatzen duzula…

Geroz eta gazte gehiagok egiten du bat Jaizkibelekin eta hori oso ona da. Jaizkibel beste aukera bat bezala ikusten dute Hondarribiko gazte askok, festa egin ahal izateko. Garai batean agian hautu askoz militanteagoa, oso kontzientea eta oso pentsatua zena, hautu normal bat izatera pasa da, komatxo artean esanda.

Gatazka gunea den Alde Zaharrak bere horretan jarraitzen du, plastiko beltzek hor jarraitzen dute, baina geroz eta jende gehiago dago beraien aurrean plastiko beltzak jartzea onartzen ez duena, gu ikustera datorrena. Aldaketak ematen ari dira, oraingo giroak duela hamaika urtekoarekin ez dauka zerikusirik, nahiz eta badauden gatazka egoerak.

Erakundeei dagokienez, zein dira erantzuleak eta zeinekin egon nahi duzue?

Norekin egon nahi dugun beti oso argi esan dugu, desfile pribatua antolatzen dutenekin hitz egin nahi dugu. Urteak daramatzagu hori esaten eta horrela jarraituko dugu, espero dezagun egi bihurtzea. Guk eztabaidarako espazioa nahi dugu, hitz egiten hasteko espazioa.

Bestetik, Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza aipatu behar dira. Erantzule asko ditu gatazka honek, erantzuleak edo behintzat gatazka beste eztabaida marko batera eraman eta konponbidean jartzeko ardura daukatenak. Saiakerak egin dira, aurreko foru aldundiarena adibidez, baina bertan behera geratu zen.

Udalarekin harremanetan zaudete?

Gaur bertan (abuztuak 30) izan dugu bileratxo bat. Nahiko protokolozkoa izan da, elkar ezagutzekoa. Eztabaidarako espazioa eskatu dugu. Udalak zer edo zer egin behar duela badaki, eta saiakera batzuk badituzte, baina gu horretan ez gara sartuko, Udaleko kontuak direlako. Baina uste dugu Udala izan daitekeela gure eta alarde pribatua antolatzen duten pertsonen arteko elkargune bihurtuko den aktore bat, izan beharko luke behintzat. Oraingoz ez dugu antzeman horretarako aukerarik. Ikusiko dugu aurrerago.

Foru Aldundiarekin denboratxoa da ez dugula hartu-emanik izan. Gaia Berdintasun alorretik Elkarbizitza alorrera pasa zen. Bi aldiz eskatu dugu hitzordua eta ez gara bildu. Eskaera egiten jarraituko dugu.

Irakurri osoa

Be Sociable, Share!